Catherine Destivelle, Josune Bereziartu eta Edurne Pasaban, Mendi Film-en

Bizkaie! 2017-10-18 13:25   Zinemea

Mendizaletasunari ekarpen esanguratsua egin deutsien sei emakume konbidauko ditue aurtengo edizinoan.

Ikus-entzunezkoak dira Bilboko Mendi Film Festivalen ardatza, baina mendiagaz, abentureagaz eta natureagaz lotutako beste jarduera batzuek be lekua izaten dabe. Aurten, esate baterako, eskaladan eta alpinismoan zeresana daukien protagonista ugari etorriko dira, mahai-inguru eta berbaldietan parte hartzera; tartean, honeek seirak: Catherine Destivelle, Lynn Hill, Josune Bereziartu, Edurne Pasaban, Bernadette McDonald eta Katie Ives. Danak izarrak euren arloetan, jaialdiko arduradunek azpimarratu dabenez.

Emakumeak izango dira, beraz, protagonista, izan be, Emakunderen laguntzinoa izan dau Mendi Film Festivalek ziklo hau antolatzeko. Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko Udala eta Euskal Herriko Mendizale Federazinoa be bultzatzaileak dira. Abenduaren 8tik 17ra egingo dabe Mendi Film Festivalaren 10. edizinoa baina hasierako egunetan izango dira honeek berbaldi eta mahai-inguruok, abenduaren 9tik 11ra, hain zuzen, BBK Salan.

Lehenik eta behin, Women at the top mahai-ingurua egingo dabe seirek, abenduaren 9an. Biharamunean, Destivelle, Ives eta McDonaldek Mountain story tellers izenburuko mahai-inguruan parte hartuko dabe eta, egun berean, Destivellek berbaldia emongo dau. Amaitzeko, 11n, Lynn Hillen berbaldia egongo da.

Besteak beste, Euskal Herriko mendizaletasunaren ikur izan diran protagonista bi konbidauko ditue. Batetik, Edurne Pasaban, munduko 14 zortzimilakoak igotea lortu eban 21. alpinistea. Zerrenda horretako tontor guztiak zapaldu zituan lehenengo emakumea bera izan zan, ganera. Bestetik, Josune Bereziartu, euskal eskaladeak emon dauen izar handienetako bat. Gaur egun erretirauta dago, baina bere sasoirik onenean 9 graduko hainbat horma eskalau zituan. Gradu horretara heldu zan lehenengo andrazkoa izan zan.

Horrezaz gan, nazinoarteko protagonistak be etorriko dira Bilboko jaialdira. Catherine Destivelle eta Lynn Hill lagun onak dira, baina 1980ko hamarkadan munduko onena nor izango lehiatu ziran nazinoarteko lehenengo eskalada lehiaketetan. Gaur egun oraindino miresmena sortzen daben jarduerak egin zituen, eskaladan zein alpinismoan.

Bernadette McDonald eta Katie Ives, ostera, idazleak dira, hau da, mendiari literaturearen ikuspegitik begiratzen deutsie. Mendi Film Festivalen behin baino gehiagotan egon da McDonald, esaterako Freedom Climbers liburua aurkeztu ebanean. Ives, bestetik, Alpinist Magazine aldizkari entzutetsuko editore nagusia da, mendizaletasunaren alorreko erreferente nagusietako bat izateaz gan, Mendi Film Festivalen hedabide laguntzaileetako bat da aldizkari hori.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu