'Bidaiariak zinera!' barriro martxan

Bizkaie! 2017-10-10 09:44   Zinemea

Euskal Herriko eta Europako pelikulak bultzatzeko programea EZAE-k antolatzen dau.

Euskal Autonomia Erkidegoko 59 zinema-aretok egin dabe bat Bidaiariak zinera! egitasmoaren aldi honegaz, Euskadiko Zinema Aretoen Alkarteak, EZAE-k, azaldu dauenez. Zineuskadi erakundearen laguntzinoa dauka programeak eta helburua garbia da: Euskal Herrian eta Europan egindako pelikulak bultzatzea, ikusleei aretoetan era horretako lanak ikusteko erraztasunak emonaz.

Hartara, urriaren 11n hasita, programearen barruan aukeratutako filmak ikustea merkeagoa izango da, ohiko prezioa baino euro bi gitxiago pagau beharko dau publikoak. Marrazki bizidunetako Hurrak eta lapurrak 2 izango da promozino horri esker merkeago ikusi ahal izango dan lehenengo filma. Hurrengo asteetan, beste izenburu batzuk gehituko ditue zerrendara. Euskerazko produkzinoek lehentasuna izango dabe, ondoren ganerako euskal pelikulak be lagunduko ditue eta, azkenik, Europakoak be bai, lehentasun txikiagoz bada be.

Hirugarren urtez egingo dabe Bidaiariak zinera! kanpainea. EZAE-k ziurtatu dauenez, zinemazaleen artean ezaguna da dagoeneko ekimen hau. Horren erakusgarri dira aurreko edizinoko datuak: Hile bi pasautxuan, 20.000 sarrera saldu zituen, 12 film ikusteko.

Kanpainearen leloak, Bidaiariak zinera!, zinemearen eta bidaien arteko loturea egiten dauela azaldu dau EZAE-k. Izan be, zinemeak leku, egoera, kultura eta ohitura desbardinak ezagutzera eroaten ditu ikusleak. Era horretara, euskal aretoek azpimarratu nahi dabe publikoari beste errealidade batzuk erakusten deutsazan bidaia aberasgarria dala zinemea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu