Bilbo Manhattan Short jaialdiaren lekuko izango da barikuan

Bizkaie! 2017-10-04 11:36   Zinemea

Ikusleek hamar film laburren artean aukeratuko dabe irabazlea.

Datorren barikuan, hilaren 6an, Bilboko Arte Eder Museoak Manhattan Short jaialdiko film laburrak proiektauko ditu, arrastiko 20:00etatik aurrera eta sarrera dobakoa izango da.

20. edizino honetan, ikusleek hamar filmen artean irabazlea aukeratuko dabe munduko 250 uri baino gehiagotan aldi berean egingo dan proiekzino baten bitartez. Zazpigarren aldia da Bilboko zinemazaleek euren botoakaz irabazlea aukeratzen dabena.

Ikusle bakotxak boto-txartel bat jasoko dau emonaldira sartzen danean, eta proiektautako piezen artean film eta aktore gogokoenari emon beharko deutso botoa. Pelikulak amaitutakoan txartelak jaso eta zenbaketea egingo da. Bozketearen emoitzea e-mail bidez bialduko dabe Manhattanera. Mundu osoko boto guztiak zenbatu ondoren, irabazlearen izena urriaren 9an jakinarazoko dabe New York-en, jaialdiko webgunearen bidez, 10:00etan.

Antolatzaileen arabera, aurten ehun mila zinemazale baino gehiago batuko dira barriro be be hamaika egunetan zehar. Ikusleak epaile dirala, lehen jaialdi globala da honakoa. Aurkeztuko diran hamar film labur finalistak inoz jaso diran 1615 parte-hartzaileren lanik onenak ordezkatzen ditue. 75 herrialdetatik heldu dira eta bizitasunaren lekukotasuna eta sormena erakusten ditue. Siria, Letonia eta Georgia-ko lanak izango dira aurten lehenengo aldiz.

Genero askotarikoak izango dira filmak: komedia, dramea, bildurra, zientzia-fikzinoa, animazinoa eta arte martzialak. Ganera, pelikula finalista guztiak Oscar sarien aukeraketarako sailkatuko dira eta beraz, izendapen bat jasoteko aukerea izango dabe.

1998an egin eben Manhattan Short-en lehenengo edizinoa. Bertan, 16 film labor proiektau ziran New York uriko Mulberry kalean, kamioi baten hegalean jarritako pantailan. Ordutik, jaialdia handitzen joan da eta gaur egun mundu mailako fenomenoa bihurtu dala dinoe antolatzaileek.

Kontuak kontu, ondokoak dira finalistak aurten: Do no harm (Zelanda Barria), Just go! (Letonia), Behind (Espainia), Mare Nostrum (Siria), Fickle Bickle (EEBB), Viola, franca (Italia), Hope dies last (Erresuma Batua), In a nutshell (Suitza), Perfect day (Espainia) eta 8 minutes (Georgia).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu