Film laburrak Amurrion, Begibistan jaialdian

Bizkaie! 2017-10-03 13:25   Zinemea

Urriaren 4tik 8ra, 27 pelikula lehiatuko dira.

Begibistan Amurrioko Zinema Astera bialdutako 271 lanen artean, 27 aukeratu ditue eta horreek ikusi ahal izango dira bihartik domekara bitartean. Euskerazko zinemagintzeak leku handia hartuko dau jaialdi honen zazpigarren edizinoan, antolatzaileen arabera. Amurrio Antzokian izango dira emonaldiak.

Ofibistan izeneko sail ofizialean lehiatuko dira aurkeztutako film laburrak. Urriaren 4an eta 5ean, arratsaldeko 20:00etan hasiko dira saioak eta, 6an, ostera, emonaldi bi egongo dira, 19:00etan eta 21:00etan. Hilaren 7an izango da sari-banaketa ekitaldia eta, bide batez, Josean Bengoetxeari omenaldia egingo deutsie. Film labur askotan lan egin dau Bengoetxeak eta, ganera, telebistan eta antzerkian be ibili izan da. Horregaitik guztiagaitik, Ohorezko Txapela emongo deutsie.

Epaimahaiak hiru kide izango ditu: Txani Rodríguez idazlea, Javier Alonso Aldama unibersidadeko irakaslea eta Ainhoa Urgoitia produktore eta gidoilaria. Film laburrik onenari ez eze, zuzendari, aktore (gizon eta emakumeetan) eta argazki zuzendari onenei be emongo deutsiez sariak. Ganera, Banatu Filmak enpreseak beste sari bat emongo dau.

Aurten ez dabe Nerbioibistan antolatu, baldintzak beteten dituan inor ez dalako aurkeztu, baina hurrengo edizinoetan sail hori berreskuratzea da asmoa. 

Zinemeak eta jantzeak bat egingo dabe Begibistan Zinema Asteko azken egunean, domekan. Kukai jantza taldeak sortutako Oskara Plazara film dokumentala proiektauko dabe 19:30ean. Oskara ikuskizunaren koreografian oinarritutako lana da eta euskal kulturako beste elementu batzuk be agertzen dira.

Egitaraua, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu