Tom Petty musikari amerikarra hil da

Bizkaie! 2017-10-03 08:55   Musikea

1970eko hamarkadatik aurrera, rockaren erreferenteetako bat izan zan.

Kalifornian hil da Tom Petty, 66 urtegaz, abeslariaren ordezkariak ohar bidez zabaldu dauenez. Bihotzekoa izan eban domekan eta ospitalera eroan eben arren, osagileek ezin izan dabe ezer egin eta bart hil da. The Heartbreakers taldeagaz biran ibili da Petty aurten bertan, oholtza ganean 40 urte bete dituala ospatzeko. Apirilean hasi zituan kontzertuak eta azkena irailaren 25ean izan zan, Los Angelesen.

Tom Petty Floridan jaio zan 1950eko urrian. Gazte-gaztetatik, musikaria izan nahi ebala erabagi eban, batez be Elvis Presley lehenengoz entzun ebanetik. The Beatles taldeak be eragin sakona izan eban, Petty gaztea talde baten jotera eta musikea sortzera bultzatu ebalako.

Musikaria, abeslaria, sortzailea eta produktorea izan zan Petty. Aktore be ibili zan noz edo noz. 1970eko hamarkadan hasi zan The Heartbreakers taldeagaz joten eta euren abestietako batzuk Estadu Batuetako rockaren klasiko ezagun bihurtu dira. Bakarka be ibilbide arrakastatsua izan eban. Ganera, 1980ko hamarkadan, Traveling Wilburys bandako kideetako bat izan zan, beste musikari ospetsu batzukaz batera: Bob Dylan, George Harrison, Roy Orbison eta Jeff Lynne.

Salmentei jagokenez, azken hamarkadetako musikaririk arrakastatsuenetako bat izan da, munduan 80 miloe disko baino gehiago saldu ditu eta.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu