XXXIII. Folk Getxo BBK, domekara bitartean

Bizkaie! 2017-09-28 10:18   Musikea

Hasteko, Niamh Ni Charra irlandarrak joko dau gaur, Areetako Geltokiaren plazan.

Getxoko Nazinoarteko Folk Jaialdiaren 33. edizinoa hasiko da gaur, eguena, eta domekara bitartean hamaika kontzertu egongo dira getxoztarren eta bisitarien eskura, tartean lau kontzertu nagusi; horreetako lehenengoa, gaur iluntzeko 21:00etan izango da: Niamh Ni Charra abeslari eta biolin jole irlandarrak igongo dau Geltokiaren Plazako oholtzara, Xabi Aburruzaga trikitilariak eta Ibon Koteron albokariak lagunduta.

Barikuan, ostera, José Mercé abeslari flamenkoa izango da kontzertu nagusiko protagonistea, leku eta ordu berean. Asteburuari jagokonez, zapatuan Souad Massi aljeriarraren txandea izango da eta domekan Kukairena; jantza taldeak Lotuneak proiektu barria erakutsiko dau Getxon eta ikuskizun horretarako, Carlos Núñezen, Maria Berasarteren eta Iñaki Salvadorren kolaborazinoak izango ditu Kukaik.

Bestetik, 18:30ean eta 23:00etan be kontzertuak egongo dira. Arratsaldeko txandan, Aragoiko Trivium Klezmer hirukotea, Voces Navarras boskotea, Mara abeslari portugaldarra eta Madrilgo Bruna Sonora taldea egongo dira. Gaueko 23:00etarako, ostera, honeek konbidau ditue: Los Texmaniacs ipar-amerikarrak eta Nakany Kanté ginearra. Ganera, Musika ari du ikuskizun didaktikoa antolatu dabe domeka goizerako, Andres Isasi musika eskolan. Euskerazko saio hori Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek gidatzen dabe, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren hari laukotearen doinuek lagunduta.

Kontzertuez gan, Getxon folk giroa zabaltzeko beste jarduera ugari be antolatu ditue egunotan. Kalerik kale ibiliko dira Eskozia, Frantzia eta Errioxako taldeak, baita Getxoko Agurra jantza taldekoak be. Banden desfile nagusia zapatuan izango da, Bizkaia Zubiaren plazan hasi eta Kale Nagusian zehar. Bestetik, Alkartasun Gunea eta Munduko Eskulanen Azokea ipini ditue, urriaren 1era arte, Areetako Geltokiaren Plazan. Getxoko etorkinen kolektiboen lanari esker, mundu guztiko jateko eta edariak probetako erea be egongo da plaza horretan, Munduko Terraza dalakoan.

Egitaraua, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu