Euskal kulturako eta gizarteko persona ezagunak, Topaketalk jardunaldietan
2017-09-28 08:35 KultureaUrriaren 20ra arte egingo dira saioak, Gasteiz, Donostia, Bilbo, Oñati eta Arrasaten.
Mondragon Linguak, Gasteizko Artium Museoak eta Save the Children Gobernuz Kanpoko Erakundeak antolatu dabe egitaraua. Alderdi emozionaletik begiratuta, komunikazinoa, sormen artistikoa eta hizkuntzen arteko hartu-emonak dira Topaketalken ardatza. Euskal kulturan eta gizartean ezagunak diran personak konbidauko ditue, baina ez dira berbaldi arruntak izango, formatu originaleko eta diziplina arteko saioak baino. Nork bere arloan bizi izandako esperientziak publikoagaz konpartidutea da asmoa.
Parte hartuko dabenen artean, gehienak musikariak dira: Kepa Junkera, Gorka Urbizu, Izaro Andres... Bestetik, Iñaki Perurena, Txaro Arrazola eta Alberto Iñurrategi be egongo dira. Batzuetan, protagonistek ezagutzen dituen hizkuntzakaz daben loturea eta horreek ikasteko prozesua azalduko ditue. Beste kasu batzuetan, adierazpide kulturalak, hizkuntzak eta komuniketako beste modu batzuk jorratuko dira.
Topaketalk atzo aurkeztu eben Gasteizen, baina egitarauko lehenengo saioa astelehenean hasi zan, Gasteizko Artiumen. Trikiharria izeneko ikuskizuna aurkeztu eben Kepa Junkerak eta Iñaki Perurenak. Performance horretan, harri-jasotzaile leitzarrak harriaren esangura ugarien ganeko gogoetea egiten dau euskeraz; musikari bilbotarrak, ostera, saiorako beren-beregi sortutako piezak joten ditu bien bitartean. Donostian aurkeztu eta gero, Bilboko DOKAn (urriaren 4an) eta Gasteizko Artiumen (5ean) ikusi ahal izango da Trikiharria.
Gorka Urbizuk eta Izaro Andresek, ostera, Rockomunikazioa atondu dabe, ibilbide luzeko rock kantari baten (Urbizu) eta hasi barria dan beste baten (Andres) arteko alkarrizketea, euskeraz. Hainbat gogoeta egin eta gero, musikari bakotxak bestearen kantu bat joko dau era akustikoan. Rockomunikazioa Oñatin aurkeztuko dabe urriaren 5ean, 6an Donostian eta 10ean Gasteizen.
Mount Hizkuntza izeneko saioan, ostera, mendizaletasunera begira jarriko dira Xabier Leibar medikua eta Alberto Iñurrategi alpinistea. Bakotxak bere arloko azlpenak emon ostean, hizkuntzak ikastearen garrantzia be aitatuko dabe. Urriaren 9an, Bilboko DOCK gunean ikusi ahal izango da eta 17an, Arrasaten.
Azken proposamena Hizkuntzak biziak salbatzen dituztenekoa da, Txaro Arrazola artistearen eta Siriatik alde egin behar izan dauen Aicha Iglesiasen eskutik. Errefuxiatuak, artea, gatazkak eta abar aitatuko ditue, urriaren 20an, Gasteizen, egingo dan saio bakarrean.
Emonaldi guztiak doban dira, eta sartzea libre da leku guztiak bete arte. Salbuespena Hizkuntzak biziak salbatzen dituztenekoa da, hor 5 euro kobrauko dabe sarrerea, gero diru hori errefuxiatuei laguntzeko erabilteko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!