Zazpi jazz kontzertu dakarz Bilbao 700 Fundazinoak
2017-09-27 13:27 Musikea365 Jazz Bilbao zikloaren abendura arteko programazinoaren barri emon dabe.
Irailaren 29an hasiko da 365 Jazz Bilbao zikloaren hurrengo aldia, Bilbao 700 Fundazinoak jakitera emon dauenez. Estilo asko hartzen ditu bere barruan ziklo honek: jazz-eko zuztarrik garbienak zein musika klasikoagaz, rockagaz, bluesagaz edo munduko musikakaz nahastautako azken abangoardiak. Uriko kulturan eta astialdian sendotzeko helburuari eusten deutso, zehaztu dabe antolatzaileek.
Bilboko Campos Eliseos antzokian eta Bizkaia Aretoan izango dira zazpi kontzertuak, 20:00etan edo 20:30ean hasita. Sarrerak 10 eta 12 euro bitartean ipiniko ditue salgai, interneten zein leihatilan. Programa zabala da, aukeran daukaguz proposamen klasikoak eta esperimentalenak, bertoko zein kanpoko taldeak eta jazz munduko izar ospetsuak, dinoe Bilbao 700ekoek.
Lehenengo emonaldian, irailaren 29koan, Kevin Hays hirukoteak joko dau, 20:30ean Campos antzokian. Izen bereko piano jole amerikarra da taldearen arimea. Hirukoteagaz, Bill Stewarten taldeko kide legez zein beste formatu batzuetan, dozenaka disko plazaratu ditu Haysek. Bilbon, Romeu Tristao kontrabaxu joleak eta Marcos Cavaleiro bateria joleak lagunduko deutsie.
Urriaren 7an, jazzaren eta flamenkoaren arteko fusinoa eroango dabe Campos antzokira Jorge Pardok, Carles Benaventek eta Tino di Geraldok. Hil horren 19an, ostera, Hiromi piano jolearen eta Edmar Castañeda harpa jolearen txandea izango da.
Zemendian beste kontzertu bi egongo dira: 10ean, Marco Mezquida & Chicuelo; eta 18an, James Carter's Electric Outlet. Zikloaren aurtengo egitaraua biribiltzeko, abenduan kontzertu bi atondu ditue: 1ean, Kirk Lightsey Trio eta, amaitzeko, 15ean, Matt Bianco.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!