Hiru sari irabazi ditu Leioako Kantika Koralak Italian

Bizkaie! 2017-09-27 10:22   Musikea

Rimini uriko nazinoarteko lehiaketan izan da gazteen abesbatza.

Kantikako gazteak eta Basilio Astulez zuzendaria, Riminin irabazitako sariak erakusten (argazkia: Kantika Korala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Munduko hainbat txokotatik joandako 16 koruk parte hartu dabe Rimini Uria Nazinoarteko Abesbatza Sariketako 11. edizinoan, tartean, Indonesia, Errusia, Guatemala eta beste herrialde batzuetako ordezkariak egon dira, baita italiarrak be, jakina. Leioako Kantika Koralak neurria emon dau horreen guztien aurrean, hainbat sari eskuratu ditu eta, besteak beste ekitaldiko sari nagusia.

Hasteko eta behin, folklore modalidadean sari nagusia emon eutsien Kantika Koralari, 100etik 92,08ko puntuazino bikainari esker. Hori irailaren 22an izan zan eta biharamunean ume eta gazteen koruen atalean kantau eben Leioakoek. Hor be, lehenengo saria irabazi eben, 94,10ko noteagaz, hau da, aurtengo edizinoko emoitzarik altuena modalidade guztiak aintzat hartuta.

Sari horreei biei esker, Grand Prix dalakoan sartu zan Kantika Korala, bertan, sariren bat irabazi daben abesbatzek baino ez dabe parte hartzen. Zortzi talde heldu ziran fase horretara: Hungaria, Polonia, Portugal, Errusia, Estonia, Eslovenia eta Suediakoak, Leioakoagaz gan. Riminiko Novelli antzokian jokatutako Grand Prix horretan, hilaren 24an, barriro lehenengo saria irabazi eban Kantikak. Hortaz, aurtengo lehiaketako irabazle nagusi izentau zituen leioaztarrak.

Epaimahaiak Kantikaren kalidade artistikoa eta teknikoa nabarmendu zituan eta moldatzeko gaitasuna zein agertoki ganeko presentzia be bai.

Leioa Kantika Korala umeen eta gazteen ahotsez osotutako abesbatza da, Basilio Astulez zuzendari dauena. Dagoeneko 18 urteko ibilbidea bete dau eta, tarte horretan, bertoko eta kanpoko jaialdi ospetsuetan parte hartu izan dau. Riminin irabazitako hiru sariak urteetako lan horren emoitzea dirala eta lortutakoak poza eta ilusinoa eragin deutsiela adierazo dabe Kantikako ordezkariek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu