Bilbok bat egin dau Ikertzaileen Gau Europarragaz

Bizkaie! 2017-09-26 08:08   Kulturea

Ume zein helduentzako jarduerak egongo dira barikuan eta zapatuan, Deustuko Udaltegian.

Europako 300 uri baino gehiagotan ospatzen da, aldi berean, Ikertzaileen Gau Europarra, zientzia gaiak gizarteratu eta ikertzaileen eguneroko lana erakusteko asmoz. Aurten Bilboko Udalak bat egin dau eta jarduera ugari antolatu ditu Deustuko Udaltegian, doban, hilaren 29an eta 30ean.

Jarduerak bariku arratsaldeko 18:00etan hasiko dira. Aitagarria da 5 eta 13 urte bitarteko umeentzako atonduko daben planetarioa. Kupula puzgarri horretan, eguneko eta gaueko zeruen simulazinoak sortuko ditue eta film berezi batzuen bidez Eguzki Sistemea eta handik kanpoko unibersoa ezagutu ahal izango dabe neska-mutilek. Naiara Barrado EHUko Zientzia Planetarioen Taldeko irakasleak gidatuko ditu saioak eta euskeraz izango dira. Planetarioan parte hartzeko aurretik izena emon behar da (hemen).

Ganera, ginkanea be antolatuko dabe, 5 eta 9 urte bitarteko umeentzat, taldeka lehiatzeko. Hiru erronka egongo dira: Jakituria, asmamena eta talentua. Jarduera hau be euskeraz izango da eta izena emon behar da aurretik. 14 urtetik gorakoentzako beste erronka bat be antolatu dabe.

Bestetik, Autogiro izeneko tailerrean, helikopteroaren antzeko tramankulu horren nondik norakoak erakutsiko deutsiez 9 eta 13 urte bitartekoei. Aireko ontzien funtzionamendua ikasteko esperimentuak egingo ditue eta euren tresnak be eregi beharko ditue parte-hartzaileek. Taldeka lan egingo dabe, hegaldi onena eta luzeena nork egingo. Zapatuan beste tailer bat egongo da, kasu horretan kimikeagaz, DNAgaz eta holakoakaz lotutakoa.

Era berean, publiko helduagoa gogoan, berbaldi zikloa egongo da Deustuko Udaltegian bertan. Dibulgazino zientifikorako gaiak aukeratu ditue: Barikuan, arkeologiaz, minbiziaz eta astronomiaz berba egingo dabe Xabier Murelagak, Aintzane Apraizek eta Ricardo Huesok, EHUko adituak dira hirurak. Zapatuan, ostera, kimikea, matematikea eta fisikea izango ditue ardatz, Jon M. Matxain, Raúl Ibáñez eta Aitor Bergararen eskutik, honeek be EHUko irakasleak dira.

Egitarau osoa, hemen. Bideoprogramea, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu