Xabi San Sebastianen disko barria kalean da

Bizkaie! 2017-09-21 13:50   Musikea

Bakarkako laugarren lana da Zuhaitzak ez du beldurrik.

Xabi San Sebastian, gitarrea alboan dauela. | Ikusi handiago | Argazki originala

Inguruko paisajeek emondako inspirazinotik urtendako folka eta urruneko abenturetako rocka buztartu ditu Xabi San Sebastianek disko barrian. Era gozo eta naturalean, batzuetan gitarra akustikoaren laguntzinoagaz, grabau ditu diskoko bederatzi abestiak. Sentimenduzko kantak zein buruan erraz sartzen diran erritmoak topauko ditu entzuleak, baita esperimentazinorako jokerea be kasu batzuetan.

Ahotsa da Xabi San Sebastianen bereizgarrietako bat eta laugarren disko honetan, ganera, gitarrearen doinuagaz apaindu dau. Era berean, hiru kolaboratzaile izan ditu beste instrumentuak joteko: Matthieu Haramboure (baxua), Josu Erviti (bateria) eta Satxa Soriazu (tekladuak). Berriozarko Drum Groove Studion eta Hernaniko Xaturrenea estudioan grabau dabe Zuhaitzak ez du beldurrik. Nahasketak, barriz, Matthieu Harambourek egin ditu eta masterizazinoa, Estanis Elorzak.

Diskoko abesti gehienak San Sebastianek berak sortuak dira. Halandabe, Itsaso gureak kantuaren berbak Angel Errok idatzi deutsaz eta Ikusezina, ostera, Joxan Artzeren berbetan oinarrituta dago. Xabi San Sebastianek berak hartu dau produkzinoaren ardurea eta bere Bandcamp orrian ipini dau diskoa erosteko aukerea. 

Irailaren 27an, Iruñeko Katakrak gunean entzun ahal izango dira diskoko doinuak zuzenean. Hilaren 30ean, Luhuson joko dau eta urrian be hainbat kontzertu ditu berbatuta San Sebastianek: 7an, Baionan, 13an, Tolosan eta 19an, Hernanin. Zemendiaren 5ean, Bilboko BIBA gunean izango da.

 

Juankar Cardesin artistearen margolana dago azalean

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu