Dolores Ibarruri 'Pasionaria'-ren ganeko liburua argitaratu dabe

Bizkaie! 2017-09-21 09:31   Kulturea

Maria Jesus Cava Mesa historialariak idatzi dau liburua eta Bilbogileak bildumako bigarren obrea da.

Miren Josune Ariztondo, Juan Mari Aburto eta Maria Jesus Cava Mesa liburuaren aurkezpenean | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilbao 700 Fundazinoak aurkeztu dau Dolores Ibarruri. 1895/1989. De ‘La Dolorosa’ a ‘La Pasionaria’ izeneko liburua uriko udaletxean. Bertan, Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak, Miren Josune Ariztondo Bilbao 700 Fundazinoaren zuzendariak eta Maria Jesus Cava Mesa autoreak hartu dabe parte. Aurkezpen ekitaldian, Ibarruriren figurea goraipatu nahi izan dabe, Bilbora itzuli zan ia 40 urteko erbestealditik, bere lehen mitina emoteko, 1977ko maiatzaren 22an, Erakustazokan eta 50.000 lagunen aurrean.

Egilearen arabera, liburu honek buruzagi komunistearen ganeko kontakizun eguneratua proponiduten dau zorroztasunez, galderarik baztertu barik. Pasionaria erakarten dauen personaia da eta egilearen asmoa izan da Gallartako alabeak ikono politiko bihurtzeko igaro zituan faseak irakurleari ezagutzera emotea.

Bizkaitar unibersal honen bizitzako gorabeherarik esanguratsuenak azaltzen dira liburu honen lau ataletan. Dolores Ibarruri munduko alderdi politiko bateko emakumezko lehenengo idazkari nagusia izan zan. Sasoi historiko korapilatsua bizi izan eban eta merezimendu osoz bihurtu zan bere sasoiko politikearen ikono. Bere bizitzeak eta ibilbide politikoak Pasionaria bere eta gure garaiko personaia bilakatu eben.

Maria Jesus Cava Mesa Deustuko Unibersidadeko katedradun emeritua eta Historian doktorea da. Ingalaterrako hainbat unibersidadetan be ikasi dau; Deustuko Unibersidadeko Giza Saileko zuzendaria izan da eta lan ugari argitaratu ditu aldizkari espezializaduetan eta prentsan.

Ibarruriren ganeko liburu hau Bilbogileak bilduman sartu dabe; sail honen helburua Bilbori lotutako eta historian itzala laga eben gizon eta emakumeen nortasuna eta lana gogora ekartea da. Iragana zorroztasun historikoaz, baina modu atsegin eta erakargarrian landu nahi dabe bilduma honegaz eta ideologia guztietako personaiak ezagutarazo nahi ditue, ikuspegi zabal eta integratzaile bategaz, artearen, politikearen, zientziaren edo kulturearen mundukoak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu