Espaziora begira jarriko da Guggenheim Museoa
2017-09-21 08:53 MusikeaMarte planetea eta musikea buztartzen dituan ikuskizuna da Chasmata.
2017ko urrian hogei urte beteko ditu Bilboko Guggenheim Museoak eta efemeride hori ospatzeko antolatu dauen urte osoko programazinoaren barruan, Chasmata ekitaldirik handienetako bat izango dala ziurtatu dabe bertako arduradunek. Artea eta zientzia aurretik sekula egin ez dan moduan buztartuko ditue, ESAren, Europako Espazio Agentziaren, lankidetzeagaz eratutako kontzertu berezi horretan. Urriaren 9an izango da, 20:30ean hasita, doban.
Publikoari espaziora bidaiea egiteko aukerea emongo deutsie, Marte planetearen irudi barritzaile eta ikusgarri batzuen bidez. Pedro Duque astronautea, espazioan bi bidar egondakoa, azalpenak emoteaz arduratuko da. Museoaren urteurrenerako Paolo Nespoli astronauteak ISS espazio-estazinotik bialdutako mezua entzuteko modua be izango dabe bertaratzen diranek.
Musikea izango da ikuskizunaren beste elementu garrantzitsua. Saxofoirako sei pieza instrumental joko ditu 120 musikarik osotutako taldeak. Gehienak, ehun inguru, bertoko musika eskoletako ikasleak dira. Sigma Project Quartet, Het Nederlands Saxofoon Octet eta Iñigo Ibaibarriaga bakarlaria be egongo dira oholtzan. Matilda Hofman eta Maite Aurrekoetxea izango dira zuzendariak. Frank Gehryk diseinautako eraikinean inspirautako piezak jo bitartean, hormetan bereizmen handiko Marteko irudiak agertuko dira.
Arte garaikidea eta Marte planetea alkarren eskutik joango dira Chasmata ikuskizunean, museoko arduradunen esanetan. Espazioak, astrogeologiak, musikeak eta ikusizko arteak bat egingo dabe. Publikoaren eskura dagoz sarrerak dagoeneko, doban, museoaren webgunean eta txarteldegian.
Kontzertua entzun eta irudiak ikusi ez eze, modu barritzailean parte hartzeko aukerea izango dau publikoak, eskuko telefonoaren bitartez. CallingHiggs piezan musikeagaz olgau ahal izango dau jenteak, horretarako garaturiko aplikazino bati esker. Ikuskizuna baino lehen aplikazinoa deskargau eta kontzertuan zabalik euki beharko dabe. Aplikazinoa dobakoa da, Android eta iOS sistema eragileetan dago eta museoaren webgunean deskargau leiteke.
2017/10/09 20:30
Bilboko Guggenheim MuseoanErantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!