Bilboko Udal Musika Bandeak gaur hasiko dau kontzertuen denporaldi barria

Bizkaie! 2017-09-08 09:20   Musikea

Lehenengo emonaldia Azkuna Zentroan izango da, 19:00etan, eta sarrera dobakoa izango da.

Bilboko Udal Musika Banda | Ikusi handiago | Argazki originala

Gaur emongo deutso hasierea Udal Musika Bandeak 2017-2018 denporaldiari. Bilboko Azkuna Zentroan izango da arrastiko 19:00etan. Bertan,  Post-data: maite zaitut... titulupean, Bandako 45 musikari baino gehiagok errepertorio zabala eskainiko dabe. Nabarmentzekoak dira pieza honeek, besteak beste: Roque Bañosen A mi madre, Percy Aldridge Graingeren Colonial song, Derek Bourgeoisen Sea dreams eta Frank Ticheliren Sanctuary.

Isabel Maria Rubio zuzendari gonbidatuak gidatuko dau emonaldia. Igazko urrian Bilboko Udalaren Bandeak antolatutako Orkestra Zuzendaritzearen ganeko I. Topaketetako irabazle izan zan Murtziako musikaria. Saria kontzertu honetan bandearen zuzendari izatea da, hain zuzen.

Rubio Isabel Lalingo Bandako eta Luis Arean abesbatzearen zuzendaria eta eskolako perkusino-irakaslea da. Horrezaz gan, analisia eta banda ikasgaiak be emoten ditu Lalingo Musika Konserbatorio Profesionalean.

Lehenengo kontzertu hau Batzen gaituen haizea izeneko programearen barrruan dago. Egitaraua hilaren 22an, barikua, 19:00etan Azkuna Zentroan bertan egingo dan beste emonaldi bategaz osotuko da. Bigarren zuzeneko honetarako, Bilboko Bandeak Jose R. Pascual-Vilaplanaren zuzendaritzapean jardungo dau. Hurbileko inguruneak lelopean J. Canto, M. Asins Arbo, A. Blanquer eta J. M. Fayosen obrak entzun ahal izango dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu