Fermin Leizaolari emongo deutso Eusko Ikaskuntzak Manuel Lekuona saria
2017-09-08 09:17 KultureaEtnografian eta beste arlo batzuetan egindako ekarpena azpimarratu dau epaimahaiak.
Aspalditik dabil Fermin Leizaola (Donostia, 1943) etnografian lanean. 1950eko hamarkadan ekin eutsan ikerketeari eta, Aranzadi alkartearen bidez, Historiaurrea aztertu eban. 1960ko hamarkadatik aurrera, artikulu ugari idatzi ditu. Alderdi askotatik jorratu dau etnografia: antropologiatik, tradizinoetatik eta abar. Artzaintzearen inguruko lan ugari plazaratu izan ditu, hain zuzen, Euskalerriko artzaiak azterlanagaitik Jose Miguel Barandiaran saria emon eutsien 1975ean.
Beste alde batetik, Euskal Herriko Atlas Etnografikoaren lehenengo urratsetan gidari izan zan Leizaola. Euskalkiak eta eskualdeetako hizkerak batu zituan talde bateko kide izan zan. Gipuzkoako Foru Aldundian eta Aranzadin egindako lanagaitik, erakunde horreek biek saritu egin eben, Ondare sariagaz eta Urrezko Domineagaz, hurranez hurran. Orain, Eusko Ikaskuntzaren gorazarrea jasoko dau.
Eusko Ikaskuntzak ohar baten adierazo dauenez, Leizaolak euskal etnografian egin dauen lan parebako eta emonkorra nabarmendu nahi dabe sariaren bidez. Bere ekarpena ez da etnografiara mugatzen, antropologiagaz, kultura materialagaz, artzain bizitzeagaz, arkitektura tradizionalagaz, ondareagaz eta museoakaz lotutako lan ugari be egin ditu.
Urtero-urtero, Manuel Lekuona sariaren irabazlea aukeratzeko, epaimahaiak, herritarrek zein erakundeek parte hartzen dabe. Eusko Ikaskuntzako bazkideen eretxiak % 30eko pisua dauka behin betiko erabagia hartzeko orduan, Euskal Komunidade Globala dalakoarenak % 10 eta epaimahai instituzionalarena da ganerako ardurea. Bertan dagoz administrazinoaren eta jakintzearen alorreko erakunde ugaritako ordezkariak.
1983an emon eban lehenengo aldiz Eusko Ikaskuntzak Manuel Lekuona saria. Besteak beste, Jorge Oteiza, Bernardo Estornes, José María Jimeno Jurio, Menchu Gal eta Joan Mari Torrealdai saritu ditue, baita sariari izena emoten deutsan Manuel Lekuona bera be.
Remigio Mendiburuk brontzez egindako eskulturea emongo deutsie Fermin Leizaolari. Eusko Ikaskuntzak azaldu dauenez, oraindino ez dabe zehaztu noz izango dan saria emoteko ekitaldia.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!