Mikel Landak hartuko dau Euskadi Fundazinoaren ardurea
2017-09-05 09:08 KultureaOrain arteko buruak, Miguel Madariagak, kargua itxi eta txirrindulari arabarrak hartuko dau lekukoa.
Hasikeratik Euskadi Fundazinoaren gidaritzan ibili da Miguel Madariaga baina, autortu dauenez, kantsauta egon da azkenaldion, izan be, mende laureneko ibilbidea egitear dala (2018an beteko ditu 25 urte), Euskadi Fundazinoa egoera larrian dago. Babesle gitxi eta egitura gero eta makalagoa, etorkizuna kolokan izan dau proiektuak. Mikel Landa txirrindulari profesionalak, baina, egoera horri bueltea emoteko konpromisoa hartu dau. Euskadiren beheko mailetan hazi zan arabarra eta profesionaletako debuta be Euskaltel-Euskadiren sasoi bateko maillot laranjeagaz egin eban.
Logroñon egindako agerraldi publiko baten emon dau bere asmoen barri Landak. Hasteko eta behin, preminazko beharrizanetarako laguntzaileak topauko ditu, babesle sendoak batez be. Batutako bidelagunen arabera, amateur edo Continental mailan atera ahal izango dau taldea Euskadik. Epe luzera begira, baina, Pro Tour maila gorenera heltzea da helburua. Ganera, sasoi bateko Euskaltel-Euskadiren ikuspegiagaz bat eginaz, Euskal Herriko txirrindulariak edo hemen inguruan hazitakoak egongo dira taldean.
Miguel Madariagak eta Mikel Landak pazientzia eskatu dabe. Lekuko aldaketeagaz Euskadiren etorkizuna ziurtatu eta hauspo barria emon deutsie. Baina oraindino lan gogorra dago egiteko. Landak dino ilusinoz eta umiltasunez heldu dala Fundazinora eta eskerrak emon deutsaz Madariagari, 1993tik egindako lan bikainagaitik. Ia mende laureneko ibilbidean, euskal harrobiaren bultzatzaile nagusia izan da Euskadi eta, Landaren ustez, Madariagaren konpromisorik ezean hori ezin izango zan lortu. Une honetan, taldeak ez daukala zorrik zehaztu dau.
Miguel Madariaga bera be pozik agertu da Landak lekukoa hartuko deutsalako. Euskadi Fundazinoaren baloreak ederto ulertzen dituan kirolaria da eta ilusinoz ikusten dot arabarra erronka honi heltzeko. Fundazinoaren patronatura arpegi barriak ekartea ezinbestekoa izan dala azpimarratu dau, haize freskoa behar izan dalako proiektuagaz aurrera egiteko. Beheko mailetatik taldearen besoetan hazi dan txirrindulari batek orain Fundazinoaren buruzagitzea hartzea satisfakzino itzela da, urteotako lanak merezidu izan dauela erakusten dau, adierazo dau Madariagak gutun publiko baten.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!