'Alicia Koplowitz-Grupo Omega Capital Bilduma' erakusketea ikusgai dago Bilboko Arte Eder Museoan

Bizkaie! 2017-07-27 09:52   Kulturea

Datorren astelehenean, garagarrilaren 31n, museoa zabalik egongo da, ohiko ordutegian (10:00etatik 20:00etara).

Arte Eder Museoak eta Petronorrek lehen aldiz aurkeztu dabe Alicia Koplowitz-Grupo Omega Capital Bilduma erakusketea, Azken hamarkaddotan Europako bilduma artistiko pribatuen artean garrantzitsuenetakoa. Bertan, artisten zerrenda parebakoa dago: Zurbaran, Arellano, Paret, Goya, Canaletto, Van Gogh, Picasso eta Antonio Lopez, besteak beste. Danak museoko BBK aretoan eta arte garaikidearen aretoan dagoz ikusgai.

Danetara, 90 lan dira erakusketan eta artearen historian egindako ibilbidea erakusten dabe: pinturak eta marrazkiak XVI. mendetik XXI. mendera artekoak dira eta eskulturak, barriz, aitxinaro klasikotik gaur artekoak.

Erakusketeak erispide propioko bildumagile baten izakerea islatzen dau. Bildumagileak, edertasunaren bilaketa personal horretan, iraganari eta etorkizunari erreparetan deutso eta pinturea zein eskulturea hartzen ditu kontuan. Interes horreek XVIII. eta XX. mendeetako obretan oinarritzen dira batez be, eta bokazino kosmopolitea dauka; ondorioz, artisten zerrendan, Espainiakoen eta nazinoartekoen kopurua parekoa da. Espainiako bilduma pribadu batentzat oso ezaugarri ezohikoak dira horreek.

Bestalde, erakusketearen ganean, argitaratu daben katalogoko saiakeran Francisco Calvo Serraller irakasleak dinoenez, erakusketako ibilbideak mendebaldeko artearen historiaren errepasoa egiteko aukerea emoten dau. Erakusketea bildumagilearen gustu artistikoa oinarri hartuta egindako obren aukeraketearen arabera dago antolatuta, eta ez garai edo artista nagusien arabera.

Erakusketea urriaren 23ra arte egongo da ikusgai eta bisitetarako ordutegi berezia egongo da: museoak martitzenero zabalduko ditu ateak, normalean, egun horretan zarratuta egoten da, 10:00etatik 20:00etara, tarifa murriztuagaz eta ganerako espazioetara ezin izango da sartu.


Datorren astelehenean, garagarrilaren 31n, museoa zabalik egongo da, ohiko ordutegian (10:00etatik 20:00etara)

Egun osoan zehar, Alicia Koplowitz – Grupo Omega Capital Bilduma erakusketea ikusi ahal izango da; museoko bilduma iraunkorraz gan, honakoak be egongo dira ikusgai: Beatriz Caravaggioren Different Trains bideo-artea, Obra konbidadua programearen barruko Grecoren Museoko (Toledo) erretratu bi, eta Luis Pareten Bermeoko bista, museoak erosi dauen azken obrea.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu