Bilboko Arte Eder Museoa martitzenetan zabalik Alicia Koplowitzen bildumea ikusi ahal izateko

Bizkaie! 2017-07-19 09:52   Kulturea

Obra osoko artelanik garrantzitsuenetako batzuk euskarri grafikoetan jarri ditue eraikin zaharreko fatxadan.

Bilboko Arte Eder Museoa zarratuta egoten da martitzenetan baina Alicia Koplowitz – Grupo Omega Capital Bilduma erakusketea ikusi ahal izateko, asteko egun honetan be zabaltzea erabagi dabe; garagarrilaren 28tik aurrera izango da, ohiko ordutegian 10:00etatik 20:00etara,  tarifa murriztuagaz (7 €). Sarrerea be murriztua izango dabe bisitariek eta museoko ganerako guneak zarratuta egongo dira.

Petronorren babesa dauen Alicia Koplowitz – Grupo Omega Capital Bilduma erakusketako artelanik garrantzitsuenetako batzuk fatxadan jarri ditue ikusgai, bisitarientzako atariko legez. Eraikin zaharrean dagoz pieza honeek panel errotulatuetan.

Honako artelan honeek dira jarri dituenak: Egon Schieleren Frau in einem blauen Kleid (Soineko urdineko emakumea), 1911; Francisco de Goya (1746-1828) Haroko kondesaren erretratua, 1808; Pietro Antonio Rotariren (1707-1762) Gazte batzuen erretratu-bikotea, Ameslaria eta Haragikoia izenagaz ezaguna dana, 1756-1762; Amedeo Modiglianiren (1884-1920) La Rousse au pendentif (Ilegorria zintzilikarioagaz), 1918; Juan Pantoja de la Cruzen (1553-1608) Ana de Velasco y Giron anderearen (Braganzako dukesea) erretratua, gorteko jantziagaz, 1603; Antonio Lopezen (1936-) Mari, 1961; Francisco de Goya (1746-1828) Maja eta zelestina, balkoian, 1810-1812; eta Kees van Dongenen (1877-1968) Femme au grand chapeau (Emakumea kapela handiagaz), 1906.

Ganera, Amedeo Modigliani (1884-1920) artista italiarraren 1918ko La Rousse au pendentif (Ulegorria zintzilikarioagaz) obrea kristalezko fatxadan jarritako olana baten ikusi ahal izango da.

Alicia Koplowitz – Grupo Omega Capital Bildumea

Azken hamarkadetan, Alicia Koplowitzek Europako arte-bildumarik nabarmenetako bat eratu dau. Bilboko Arte Eder Museoko erakusketea lehen mailako jazoera artistikoa da, bildumako artelanen aukera-sorta zabala emon nahi dauelako ezagutzera gure ikusleen artean, lehenengo aldiz, tartean artearen historiako maisuen aparteko zerrendea eskainiz. Danetara, 89 artelan dira, pinturak eta marrazkiak –XVI. mendetik XXI. mendera artekoak– nahiz eskulturak –Antxinaro klasikotik gaurdainokoak–. Espainiako XVI. eta XVII. mendeetako eskolako maisuen artean, Pantoja de la Cruz, Morales, Zurbarán eta Arellano gailentzen dira. XVIII. mendean, Goyaren eta garaikideak zituan Esteve eta Pareten jenialtasuna nabarmentzen da. Mende horrexetan, Italiako eskolako –Guardi, Canaletto eta Tiepolotarrak, besteak beste– eta Frantziako eskolako –Hubert Robert– lanak agertzen dira. XIX. mendeko Espainiako arteari jagokonez, Raimundo de Madrazoren artelan bat egongo da ikusgai. Frantziako postinpresionismoak maila altuko ordezkariak ditu: Van Gogh, Gauguin eta Toulouse-Lautrecen artelanak, hain zuzen be.

XX. mendean, egile honeen pinturak nabarmentzen dira: Picasso, Juan Gris, Antonio López, Millares eta Barceló, Espainiako artean; eta Mondrian, Modigliani, Schiele, Van Dongen, Willem de Kooning, Mark Rothko, Cy Twombly, Lucian Freud, Lucio Fontana eta Anselm Kiefer, nazioartean. Gaur egungo arteari dagokionez, egile honeen eskulturak dagoz: Gargallo, Julio González, Oteiza, Chillida, Calder, David Smith, Giacometti, Fausto Melotti, Louise Bourgeois eta Donald Judd.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu