Lakuntzan dana prest dago XX. Hatortxu Rock Jaialdiari hasierea emoteko

Bizkaie! 2017-07-26 10:40

Bihar hasiko da jaialdi erraldoia eta domekan amaituko. Danetara, 84 talde igongo dira oholtzara.

Berri Txarrak, Esne beltza, Vendetta, Anari, Governors, Betagarri… Guztira 84 taldek osotuten dabe aurtengo Hatortxu Rock 20 jaialdiaren kartela. Talde ezagunak, barriak eta urte ugari agertokietatik kanpo egon ostean bueltan diranak, Kerobia, Bizardunak, Des-Kontrol eta El Corazon del Sapo adibidez.

Egun bat baino ez da falta Lakuntzan alkartasun jaialdi erraldoiari hasierea emoteko. Bihar hasi eta domekara arte iraungo dau asteburu honetako edizinoak.

Askorentzat berezia izango da jaialdi hau  Betagarriren zaleentzat esaterako, gasteiztarrek agur esango deutsie agertokiei barikuan, baina ez dira oholtzara bakarrik igongo, oraingoan Obrint Pas taldeko Xavi Sarria eta Miquel Gironesegaz batera joko dabe. Bi taldeen abestiak kantauko ditue Lakuntzan.

Doctor Deseok be agur esango dau denporaldi batez eta Hatortxu Rock 20 izango da bilbotarrak ikusteko azken aukerea.

Lakuntzako jaialdiak musikari batzuen proiektu barriak ezagutzeko aukerea emongo dau: Josetxu Piperrak & The Riber Rock Band eta Juantxo Skalari & La Rude Band.

Kontuak kontu, 19. edizinoko jarrera bikainaren ostean, Mafaldak be ez dau hutsik egingo. Lehen aldiz egongo diranak, ostera, Jo & Swiss Knife, Sara Hebe, Bultz, Willis Drummond, Anari, Skontra, Zartako-K, Enkore, Dj Reimy, Reviverb Live, Trikidantz, Gozategi eta Liher, izango dira, besteak beste.

Sarrerak oraindino salgai dagoz hemen. 70 euroren truke lau egunetako bonoa eskuratu daiteke eta kanpina barne dago.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu