Bermeoko XVII. Gorefest, Fantasiazko eta Bildurrezko Zinemaldia garagarrilaren 14an izango da

Bizkaie! 2017-07-11 09:54

Danetara, hamar film labur eta luzemetraia bi erakutsiko ditue Bermeoko Spookypheria Productions alkarteak Udalaren Gazteria Sailaren babesagaz antolatutako jaialdian.

Zinemearen alde ilunena gustuko dabenentzako hitzordu garrantzitsua bildurrezko zinemearen eta heavy-metalaren arteko hartu-emon zuzenetan oinarrituta egongo da aurten. Hori dala eta, jaialdiaren kartelean In Mute metal taldearen abeslaria dan Estefanía García agiri da. Baina talde valentziarraren abeslariaren parte hartzea ez da kartelera bakarrik mugatu, izan be, garagarrilaren 14an izango dan film laburren emonaldirako bideo atal batzuk grabau ditu.

Danetara, hamar film labur eta luzemetraia bi erakutsiko ditue Bermeoko Spookypheria Productions alkarteak Udalaren Gazteria Sailaren babesagaz antolatutako XVII. Gorefest jaialdian. Aurreko edizinoetan lez, terroreagaz, goreagaz, suspenseagaz eta umore onagaz gozetako aukerea izango dabe hurreratzen diran lagun guztiek. Sarrerearen prezioa 3 eurokoa da eta Nestor Basterretxea aretoko txarteldegian salduko dira, egunean bertan.

Mundu osoko film-laburren proiekzinoagaz emongo jako hasierea aurtengo Gorefest jaialdiari, 20:30ean. Ondoren, 23:00ak inguruan, luzemetraia bi ikusteko aukerea egongo da. Kale animazinoa eta desfilea be izango dira aurtengo Gorefest zinema jaialdian.

Edozelan be, honako honeek dira aurtengo Gorefest jaialdian ikusi ahal izango diran film laburrak:

Mr. Dentonn (Ivan Villamel).
Into The Mud (Pablo Pastor).
You're Gonna Die Tonight (Sergio Morcillo).
Behind (Ángel Gómez Hernández).
Night Of The Slasher (Shant Hamassian).
Servicio De Habitaciones (Saúl Gallego).
Un Hombre Dulce (Javier Chavanel).
Por Eso No Tengo Hermanos (Paco Cavero).
Verde Pistacho (Paco Cavero).
The App (Julián Merino).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu