Aire zabaleko zinemea, Arabako 27 herritan

Bizkaie! 2017-06-26 11:32   Zinemea

Dobako proiekzinoak dakarz Korterraza film laburren jaialdiak, garagarrilaren 1ean hasita.

Film laburren aukeraketea egin dabe eta Araba guztian ibiliko dira jaialdiko antolatzaileak proiekzinoak antolatzen. Zuian, Oroko santutegiaren alboan, izango da lehenengo saioa, garagarrilaren 1ean eta, ondoren, Dulantzin, Aramaion, Izarran, Okondon, Laudion, Amurrion, Maeztun, Labastidan, Agurainen eta abar egongo dira, irailaren 7an Artziniegan amaitu arte. 30 saio izango dira, 27 herritan.

Hainbat eratako saioak antolatuko dira. Kasu batzuetan, Super Selekzio izeneko aukeraketea ikusi ahal izango da. Umeei zuzendutako Korterraza Txiki saileko filmak emongo ditue beste kasu batzuetan. Korterraza Mix erakoetan, ostera, danetarik egongo da: Sail nagusiko pelikula batzuk, umenetzako beste batzuk eta euskerazko atal berezia. Saio guztiak dobakoak dira. Egitarauaren ganeko zehetasunak, hemen.

Horrezaz gan, Korterraza Gasteiz zikloa egongo da uriburuan, garagarrilaren 20, 21 eta 22an. Bertan, aurtengo aukeraketako film guztiak ikusteaz gan, kontzertuak entzun ahal izango ditu publikoak. The Excitements taldeak joko dau 20an, Delaportek 21ean eta Kodigo Nortek eta DJ Loro Jaiak 22an. 

Korterraza lehiaketea be bada eta, hortaz, zikloaren amaieran sariak banatzen dira parte hartu daben pelikulen artean. Besteak beste, Alex Angulo saria, euskerazko lanik onenarena eta ikusleena emoten ditue.

Korterraza jaialdia 2008an jaio zan Gasteizen. Andra Mari Zuriaren plazako proiekzinoek arrakastea eukiela ikusita, Artium museora aldatu zan gune nagusia eta, ganera, Arabako beste herri batzuetara zabaltzen hasi ziran. 2016ko edizinotik, herrialdeko hainbat lekutatik pasetan dan jaialdi ibiltaria da. Kultura Kalean! alkartea da antolatzailea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu