Donostia Saria Ricardo Darín aktoreari emongo deutsie

Bizkaie! 2017-06-21 13:36   Zinemea

Donostiako Zinemaldiaren 65. edizinoko ohorezko sari garrantzitsuena hartzeaz gan, La cordillera filma aurkeztuko dau Euskal Herrian.

Ricardo Darín, Donostian (argazkia: Donostiako Zinemaldia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Latinoamerikako eta mundu osoko zinemagintzako aktore prestigiotsuenetako bat da Ricardo Darín argentinarra, Zinemaldiak adierazo dauenez. Irailaren 26an emongo deutsie Donostia Saria, La cordillera lan barria aurkezteko ekitaldi berean. 2015ean Zidarrezko Maskorra irabazi eban Darínek, Truman pelikuleagaitik.

Zinemaldiak emoten dauen ohorezko saririk garrantzitsuena aurten Ricardo Darinentzat izatea, haren ibilbideari egindako autorpena da, jaialdiko arduradunen esanetan. Izen handiko zinemagileen aginduetara egin dau lan argentinarrak eta pertsonaia gogoangarri askoren azalean agertu da. Bost urtegaz egin eban debuta Darínek, Argentinako telesail baten eta, heldua zala, 1979an hasi eban bere ibilbide oparoa. Telesailetan zein zineman ibilten zan orduan eta bere herrialdeko produkzino handi batzuetan parte hartu eban.

Mende barriagaz batera, nazinoartean gero eta ezagunagoa bihurtzen hasi zan Darín, batez be Nueve reinas filmean agertu eta gero. Latinoamerikan zein Espainian lan entzutetsuak egin zituan, esaterako El secreto de tus ojos, film atzerritarrik onenaren Oscar saria irabazi eban lanean. Zuzendaritzara salto egin eban, 2007an, La señal pelikuleagaz.

Orain arte Ricardo Darínek egin dauen azken lana La Cordillera da, Frantzia, Argentina eta Espainiaren arteko koprodukzinoa. Santiago Mitreren zuzendaritzapean, Argentinako presidentearena egiten dau Darínek. Canneseko zinemaldian estreinau eben filma eta Darín Donostian izango da berau aurkezten, Donostia Saria emongo deutsien egunean bertan.

Ez da izango Ricardo Darín Donostiara datorren lehenengo aldia. 2001ean La fuga Sail Ofizialean lehiatu zanetik, sarri etorri da Zinemaldira, lehiaketa ofizialean zein beste sailetan parte hartzera. 2012an, epaimahaikide izan zan. 2014an, Europako Film Onenaren Publikoaren Saria emon eutsien Relatos Salvajes pelikuleari. 2015ean , ostera, Zidarrezko Maskorra irabazi eban, Truman lanari esker.

Horrezaz gan, mundu guztiko zinemaldietan sariak eta errekonozimenduak jaso ditu argentinarrak, besteak beste, Miarritzeko sari nagusia irabazi eban.

Ricardo Darín, 'La cordillera' pelikulan

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu