Hobetu egin ditue zinemagintzarako diru-laguntzinoak

Bizkaie! 2017-06-07 13:38   Zinemea

Bingen Zupiria Kultura sailburuaren arabera, garapen prozesua indartzea eta talentu barriak sustatzea izango da sistema barriaren ardatza.

Tabakaleran Jaurlaritzako ordezkariek eta zinemagintzako sektoreko kideek egindako topaketea (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Donostiako Tabakaleran egindako saio edegian, Bingen Zupiriak zinemagintzarako bideratutako diru-laguntzinoetako barritasunak azaldu deutsez sektoreko profesionalei. Joxean Muñoz Kultura sailburuordea eta Aitziber Atorrasagasti Kulturea Sustatzeko zuzendariordea be ekitaldi horretan izan dira.

Eusko Jaurlaritzeak 2.660.000 euro bideratuko ditu zinemagintzea laguntzeko, igaz baino 718.600 euro gehiago, hau da, urte batetik bestera % 35 gehiago emongo dau. Gaur egun sektorearen beharrizanak gogoan hartu guran, diru-laguntzinoen sail barriak sortuko ditue.

Diru-laguntzinoetan egin diran aldaketek helburu argia daukiela adierazo dau Zupiriak, garapen prozesua indartu eta talentu barriak sustatu, hain zuzen. Arazo bat identifikau genduan, sortzen ziran hainbat gidoi ez ziran garapen eta produkzino faseetara heltzen, azaldu dau sailburuak. Bestalde, ikusi dogu koprodukzinoek gero eta indar handiagoa hartu behar dabela, egoera honen aurrean, diru-laguntzinoak gaur egungo testuingurura moldatu behar doguz.

Sistema barriari esker, proiektuen garapen faseak aparteko garrantzia hartuko dau eta, ondorioz, prozesuaren parte honi zuzendutako diru-laguntzino deialdiaren aurrekontua hirukoiztu egingo dau Jaurlaritzeak. Guztira, 300.000 euro izango dira proiektuen garapenerako, eta fase honetan gidoia be aintzat hartuko da.

Produkzino faseari jagokonez, orain arteko lau atalei eutsiko deutsie eta danetan emongo ditue diru-laguntzino handiagoak. Film luzeak, animazinoa, dokumentalak eta film laburrak dira horreek lau atalak. Barritasun nagusia film luzeen arloan egongo da, izan be, aurrekontu txikiko proiektuetarako azpiatal berezia izango dau aurrerantzean. Sortzaile barriei lagundu nahi deutsegu, proiektu barritzaile eta arriskudunei, azpimarratu dau Zupiriak.

Pelikulen zabalkundea, orain arte legez, Zineuskadiren bidez egingo dau Jaurlaritzeak. Horra bideratutako hiru diru-laguntzino lerroei eutsiko deutse. Atal horreetako bat da filmak euskeratzeko Zinema Euskaraz egitasmoa, eta horra 260.000 euro bideratuko dira. Euskal produkzinoak aretoetara heltzea da helburu nagusia, izan be, Zupiriak azaldu dauenez, Europa guztiko zinemagintzearen arazoa da hori.

Amaitzeko, Eusko Jaurlaritzeak aurreikusi dau 900.000 euro bideratzea Europa Creativa ekimenerako, batez be zinemaldiak, publiko barriei zuzendutako proiektuak eta koprodukzinoak babesteko. Jaurlaritzearen diru-laguntzino izendunek, Etxepare Euskal Institutuaren deialdiek eta EiTBren konpromisoak be funtsezkoak izango dira euskal zinemagintzearen erronkei heltzeko orduan, Zupiriaren ustez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu