Kimuak programan sartzeko hautagai dira 52 euskal film labur

Bizkaie! 2017-06-02 11:54   Zinemea

Euskal Autonomia Erkidegoko zinemagintzea bultzatzeko egitasmo publikoa da Kimuak eta adituen batzorde batek aukeratuko ditu 2017ko ordezkariak.

'Gure hormek', 2016ko Kimuak katalogoko film laburra | Ikusi handiago | Argazki originala

Eusko Jaurlaritzearen proiektua da Kimuak, Etxepare Institutuak eta Euskadiko Filmategiak garatua. Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan produzidutako film laburrak zabaldu eta ezagutzera emoteko asmoz antolatzen da urtero. Maiatzaren 31n zarratu zan hautagaiak aurkezteko epea eta 52 pelikulak emon dabe izena.

Adituen batzorde independente bat eratu da film guztiak aztertu eta Kimuak programan parte hartuko dabenak aukeratzeko. Zinemagintzearen alorrean ibilbide luzea egin daben bost lagun dagoz epaimahai horretan: Edurne Ormazabal EiTBkoa, José Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendaria, Tim Redford Clermont-Ferrandeko film laburren jaialdiko koordinatzailea, Amalia Revuelta Donosta Kulturakoa eta Millán Vázquez-Ortiz Agencia Freak-eko zuzendaria.

Batzordea bagilaren 12an batuko da eta orduan erabagiko dau Kimuak 2017 katalogoko filmak zeintzuk izango diran. Aukeraketarako erespide nagusia kalidadea izango da, baina ahalik eta ikusle gehienakana heltzeko gaitasuna be balorauko dabe, baita originaltasuna be. Ganera, euskerazko filma izatea eta bertoko aktore eta teknikariek parte hartzea aintzat hartuko dabe.

Aukeratutako filmen barri irailean emongo dabe. Kimuak 2017 katalogoa jaialdi eta ikus-entzunezkoen topaketa garrantzitsuetara eroango dabe, euskal film laburrak nazinoarteko publikoari erakusteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu