Lekeitioko Euskal Zine Bilereak 40. edizinoa beteko dau aurten

Bizkaie! 2017-05-29 13:06   Zinemea

Urteurren berezia dan ezkero, jaialdiaren bilakaereari erreparauko deutsie.

Ikusgarri aretoa, Zine Bileraren aurreko edizino baten | Ikusi handiago | Argazki originala



Euskera hutsezko zinema jaialdi bakarra, Lekeitioko Euskal Zine Bilerea, martxan da barriro be. Berrogeigarren edizinoa izango da aurten eta zabalik dago ikus-entzunezkoak aurkezteko epea. Urrian izango da jaialdia bera, Ikusgarri zinema aretoan.

Antolatzaileek azaldu dabenez, 40. urteurreneko ospakizunaren bitartez jaialdiaren bilakaereari erreparauko deutsie. Aitzindaria izan zan euskal ikus-entzunezkoetan eta gaur egun be bakarra da. Bide batez, aurrera begira egin beharreko pausuak jorratzen hasi dirala dinoe antolatzaileek, Zine Bilerearen hurrengo edizinoetako norabidea zehazteko.

Euskal ikus-entzunezkoetan dabizan egile eta produktoreei dei egin deutse Zine Bilereak: Garagarrilaren 31ra arte dago lanak aurkezteko epea eta edonork parte hartu leike, oinarrietako baldintzak bete ezkero. Izan be, profesional zein amateurrentzako atalak ditu jaialdiak.

Baldintza nagusia, Zine Bilerearen izakerearen oinarria, hizkuntzea da. Antolatzaileek azaldu dabe euskeraz egindako lanak baino ez dituela onartuko. Pelikularen baten, zati bat beste hizkuntza baten egon ezkero, azpitituluak ipini beharko jakoz.

Beste alde batetik, lehiaketara aurkeztutako filmak 30 minutukoak izango dira gehienez. Lanak online aurkeztu beharko dira, jaialdiaren webgunearen bidez. Danen artean, Aukeraketa Batzordeak urrian Zine Bileran erakutsiko diran filmak aukeratuko ditu. Amateur eta profesionalen arteko orekeari eutsita, gehienez 50 pelikula lehiatuko dira.

Proiekzinoak urriaren 14tik 21era izango dira, Ikusgarri aretoan. Hiru arlotan banatuko dira sariak: Zuzendaririk onenari, gidoi onenari eta pelikularik onenari. Amateurren eta profesionalen mailan emongo da sarietako bakotxa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu