'Venus' filma ikusgai eguenean, Hileko Dokumentala zikloaren barruan

Bizkaie! 2017-05-24 08:43   Zinemea

Zinebi jaialdiak antolatuta, Bilboko Multi aretoan proiektauko dabe pelikulea, danierazko jatorrizko bersinoan.

Urte guztian zinemeagaz lotutako programazinoa eskaintzea da Hileko Dokumentala zikloaren helburua. Zinebi, Zinema Dokumental eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdiak, antolatzen ditu hitzorduok hilero. Maiatzaren 25ean, eguena, Lea Globek eta Carla Albrechtsenek zuzendutako Venus emongo dabe.

Abiapuntu berezia dauka Norvegia eta Danimarkaren arteko koprodukzino honek. Emakumeek eta emakumeentzat egindako film erotiko bat grabau aurreko ikerketa prozesua zan hasikera baten. Baina gauzak aldatu egin ziran eta, azkenean, film bihurtu dabe egileek.

Hain zuzen be, emakumeek sexuagaz dituen hartu-emonak erakusten ditu Venus film esperimentalak. Poiektuan parte hartzeko prest agertu ziran emakumeek euren esperientzien barri emoten dabe kameren aurrean. Modu horretara, oraindino indarrean dagozan hainbat estereotipo eta jarrera matxista zalantzan jarten dira. Filman parte hartzeko ehun emakume baino gehiagok emon eben izena. Saio intimoak grabau ziran hasikeran, baina zuzendariak konturatu ziran hor film osoa egiteko materiala egoala.

Zuzendari biak Danimarkakoak dira, eta gazteak. Lea Globek ibilbide oparoa dauka telebistan eta bere lehenengo film luzea, Meeting my father Kasper Top Hat, 2011koa, sekulako erantzunagaz aurkeztu eban hainbat jaialditan. Mette Carla Albrechtsen, ostera, publizidadean ibili zan, zinemagintzeari ekin aurretik. Globek eta Albrechtsenek Nordic Talent Pitch Prize irabazi eben.

Bilboko Multi zinema-aretoetako 7. salan proiektauko dabe Venus eguenean, 20:00etan. Danierazko jatorrizko bersinoan emongo dabe, gaztelaniazko azpitituluakaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu