Donostiako Zinemaldiaren 'Ikusmira Berriak' programara 157 proposamen aurkeztu dira
2017-04-11 11:28 ZinemeaIgazko kopurua halako lau da aurtengoa. Egonaldiak eta proiektu zinematografikoak bultzatzeko egitasmoa da Ikusmira Berriak, Donostiako Zinemaldiaren barruan.
Hirugarren edizinoa beteko dau aurten Ikusmira Berriak programeak. Joan dan astean amaitu zan eskariak egiteko epea eta, Zinemaldiko arduradunek azaldu dabenez, sekula baino proposamen gehiago jaso ditue, 157. Hau da, igazko edizinoan jasotakoak halako lau. Izan be, 37 proposamen jaso ziran 2016an, eta 2015ean, ostera, 32.
Zinemaldiak azaldu dauenez, aurtengo deialdiak izandako arrakasteak erakusten dau sarbide barriak lortzeko egindako apustua egokia izan dala. Programako lau kategoriak barritu egin dira: Zinemaldiaren azken edizinoko Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketako parte-hartzaileak, Euskal Autonomia Erkidegoko errealizadoreak, Espainiako ganerako lurraldeetako errealizadoreak eta atzerriko errealizadoreak.
Aldaketa horren helburuetako bat programearen nazinoarteko izakerea indartzea izan da. Atzerriko errealizadoreen kategorian jaso dira, hain zuzen, hautagaitza gehien, 97. Gehienak Latinoamerikako herrialdeetakoak dira, Argentina (29), Kolonbia (13) eta Txilekoak (12), baina beste herrialde batzuetako proiektuak be badagoz (Alemania, Frantzia, Estadu Batuak...). Era berean, Zinema Ikasleen Nazinoarteko Topaketako bost proposamen jaso dira, Euskal Autonomia Erkidegoko zuzendariek 18 proposamen aurkeztu ditue, eta Espainiako ganerako lurraldeetakoek, ostera, 37.
Maiatzean esango dau Donostiako Zinemaldiak programarako aukeratutako proiektuak zeintzuk diran. Lan irabazleen egileek sei asteko egonaldia egingo dabe Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan. Bertan, euren egitasmo zinematografikoak garatzeko babesa jasoko dabe, adituakaz berba egin ahal izango dabe eta ikus-entzunezkoen munduko produktoreei euren lana erakutsiko deutsie.
Ikusmira Berriak ekimenak 20.000 euroko laguntza ekonomikoa emongo dau, aukeratutako proiektuen artean banatu beharrekoa. Ganera, REC Grabaketa Estudioetan postprodukzinoa egin ahal izango dabe, film labur baterako eta film luze baterako.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!