Euskal film luze bi aurten XXIII. Fant Jaialdian
2017-04-10 13:50 ZinemeaIbilbide osoari eskainitako FANTastikoaren Izarra saria banatuko dau FANTek lehenengo aldiz, eta Barbara Crampton antzezleari emongo jako.
Bilboko Udalak antolatzen dauen Fantasiazko Zinemaldiaren – XXIII. Fant Jaialdia martxan dago honezkero, eta aurtengo edizinorako, nazinoarteko 16 film luze jasoko dituan Atal Ofizial interesgarria programau dabe. Lehiaketara aurkeztuko diran lanen artean euskal film bi egongo dira lehenengo aldiz: Roberto Santiagoren La noche del virgen eta Haritz Zubillagaren El ataúd de cristal. Atal Ofizialeko lanen artean Jeremy Gillespieren eta Steven Kostanskiren The Void lan saritua edo Billy O`Brienen I Am Not a Serial Killer nabarmendu daitekez, Marcos Cabotáren Noctem filmaren erabateko estreinaldia, estadu mailako estreinaldi bi eta Europan lehen aldiz ikusi ahal izango dan beste film bategaz batera.
Bilboko Fantasiazko Zinemaldiko – FANT 23ko programazino osoa gaur goizean aurkeztu dabe Bilboko udaletxean. Aurkezpen ekitaldian, Nekane Alonso Kultura zinegotziak, Justo Ezenarro Kultur Programazino Zuzendariorde eta FANTeko Zuzendariak, Eugenio Puerto FANTeko programatzaileak eta Roberto San Sebastián eta Haritz Zubillaga zuzendariek hartu dabe parte.
Barrikuntza legez, azken edizinoetan ikusi dan ikus-entzule kopuruaren hazkundearen eta Atal Ofizialaren barruan eta FANT Laburrean atalean euskal zinemagileek daben presentzia azpimarragarriaren ondorioz –aurten hamaika euskal lan lehiatuko dira bertan–, aurten, astegoienean, emonaldiak Azkuna Zentroko auditorioan izango dira –leku gehiago dauelako– eta aste osoan eutsiko jako 16:15eko lehen saioari, Atal Ofizialeko filmakaz.
Oraingo honetan, Eduardo Casanova antzezle eta zuzendari madrildar ezaguna izango da fantasiazko zinemeagaz dogun hitzordua zabalduko dauena, Bilbon eskainiko dan Pieles (2016) bere lehenengo film luzearen premiereagaz. Aurkezpena, maiatzaren 5ean, arratsaldeko 20:00etan, izango da, Campos Antzokian egingo dan FANT 23ren inaugurazino ekitaldian. Casanova eta filmeko taldearen parte bat Bilbon egongo dira filma aurkezten. Lana Berlingo eta Malagako zinemaldietan egon da; azken Zinemaldi horretan, Epaimahai Gazteak Atal Ofizialeko Film Onenari emondako Saria irabazi eban.
Aurreko edizinoetan legez, Atal Ofizialeko programazinoa, dobako sarrerea izango dauen egitarau zabal eta anitzagaz osotuko da, Golem – Alondiga aretoetako 2. Aretoan, Panorama Fantastikoa zikloaren barruko azken denporetako lanakaz, bitxikeriakaz, generoko lan klasikoakaz, zinemaldia ikus-entzule barriei harik eta gehiago zabaltzeko helburuagaz. FNAC, zinemaldiaren ohiko laguntzaileetako batek, sarrera libreagaz, baita be, Twin Peaks serieko zenbait kapitulu eskainiko ditu.
Atal Ofiziala
Film Luze Onenaren, Gidoi Onenaren eta Zuzendari Onenaren FANT 2017 Sariak irabazi leikiezan hamasei filmak –2016an baino hiru gehiago eta zinemaldiaren historiako aukeraketarik handiena– lehen aldiz ikusi ahal izango dira Bilbon, baina horrezaz gan, horreetako bi Estadu osoan eta bat Europan be lehenengo aldiz ikusteko aukerea izango da. Filmaren muntaketea amaitu aurretik hil zan Andrew Getty zuzendariaren The Evil Within (AEB, 2017); Gabriel Griecoren (Argentina, 2017) Hipersomnia eta Steven DeGennaroren (AEB, 2016) Found Footage 3D izango dira. Ganera, FANTek Marcos Cabotáren (Espainia, 2016) Noctem filmaren mundu mailako estreinaldia jasoko dau. Zuzendaria Bilbora etorriko da filma aurkeztera.
Atal Ofizialaren barruan egongo da El ataúd de cristal (Espainia, 2016), Haritz Zubillaga zinemagile bilbotarraren lehenengo lan luzea. Limusina batean bahituta dagoan emakumearen istorioa dakar, eta Sitgeseko zinemaldian edo Donostiako Bildurraren Astean erakutsi izan dabe dagoeneko. Las horas muertas (2007) eta She's Lost Control (2010) kultuzko film laburrak zuzendu dituan Haritz Zubillaga film laburrek ehun sari inguru ditue nazino eta nazinoarte mailako jaialdietan; berbarako, Las horas muertas lana Europako Fantasiazko Film Labur Onena (Urrezko Méliès Saria 2008) izan zan.
Roberto San Sebastiánen lehenengo lan luzea dan La noche del Virgen (Espainia, 2016) filmari jagokonez, ia bi orduko iraupena dauen lanak odol eta izerdi zurrunbiloa proponiduten deutse ikus-entzuleei. Orain arte hamabi sari inguru irabazi ditu parte hartu dauen zinemaldietan. Roberto San Sebastián Bilbon jaio zan 1987an. 2010ean hasi eban zuzendari ibilbidea, Cumpleaños feliz lehenengo film laburra egin ebanean. 2011n, bigarren film laburra zuzendu eban, Agujero, eta 2013an, Yayos.
Atal Ofiziala ondoko lanek osatzen dabe: A.D. Calvoren Sweet Sweet Lonely Girl (AEB, 2016), Yeon Sang-horen Seoul Station (Hego Korea, 2016), Billy O´Brienen I Am Not a Serial Killer, Victor Dryereren 1974 (Mexiko, 2016), Geoff Redknapen The Unseen (Kanada, 2016), Alice Loweren Prevenge (Erresuma Batua, 2016), Taneli Mustonenen Lake Bodom (Finlandia, Estonia 2016), Jeremy Gillespieren eta Steven Kostanskiren The Void (Kanada, 2016), Colin Minihanen It Stains the Sands Red (AEB, 2016) eta Nicolas Pesce zuzendariaren The Eyes of my Mother (AEB, 2016). Emonaldi guztiak jatorrizko bersinoan izango dira, gaztelaniazko azpi-tituluakaz, eta 16:45ean programautakoek euskerazko azpi-tituluak be izango ditue.
Film laburraren alde
Film laburrek oso leku garrantzitsua izango dabe, bakoitzak 3.000 euro banatuko dituen bi sarirekin, Atal Ofizialaren barruan, zinemaldiko epaimahaiaren eta ikusleen eretxiz onenak diran film laburrei zuzenduta. Zinemagile barrien lana bultzatu nahi daben –hori da Zinemaldiaren asmo nagusietakoa– film laburren alorreko sari bi horreei, Euskal Film Labur Onenari emoten jakon 2.000 euroko saria gehitu behar jake.
Atal Ofizialari jagokonez, FANTen edizino honek, mundu osotik etorritako 931 film labur jaso ditu –2016an baino ia 100 gehiago–, eta antolatzaileek 21 onenak aukeratu ditue –animazinoa eta fikzinoan–. Lan horreek Fant Laburrean saioan eskainiko dira. Aurten be saio bi izango ditu, maiatzaren 5ean eta 6an, eta lehenengo saioa euskal film laburrei eskainita egongo da erabat.
Euskal zinemagileek lehiaketara aurkeztuko dituen 11 lanak jatorrizko bersinoan ikusi ahal izango dira, euskerazko edo/eta gaztelaniazko azpi-tituluakaz, Campos Antzokian, inaugurazino ekitaldiaren eta filmaren ondoren. Ikusi ahal izango diran film laburrak ondokoak dira:
Bestealdetik Mar González Ruiz de Larramendi.
Bright Lights María Zabala.
Decorado Alberto Vázquez.
Extático Azahara Gómez.
Ihesa Alejandro Díaz Castaño.
Jules D. Norma Vila.
Nunca pasa nada Javier Prieto.
Precious Moments Asier Iza.
Si la oscuridad nos lleva Mikel R. Alonso.
Ulises Aitor Gutiérrez.
Villa Mnemósine Rubén Salazar.
Ganerako film labur gehienak, Erresuma Batutik, Frantziatik eta Estaduko ganerako lekuetatik etorritako lan europarrak dira, eta baita Kanadatik bialdutako film labur bat be. Nazinoarteko film laburrak maiatzaren 6an eskainiko dira, arratsaldeko 20:00etako saioan, Azkuna Zentroko Auditorioan.
Atal Ofizialeko Film Luze Onena, Nazinoarteko Film Labur Onena eta Euskal Film Labur Onena aukeratzeko erabagia euren esku izango daben adituen epaimahaia Melina Matthews antzezleak, Elio Quiroga idazle eta zinema zuzendari eta gidoilariak eta Miguel Ángel Vivas zuzendari, gidoilari eta kazetari sevillarrak osotuko dabe.
Ohikoa danez, sariak amaiera ekitaldiaren barruan banatuko dira. Aurten be Kale Nagusiko BBK Aretoan izango da ekitaldia, maiatzaren 12an, arratsaldeko 20:00etatik aurrera. Ekitaldi horren barruan, Sitgesen gidoi onenaren saria irabazi eban Carles Torrens zinemagile katalanaren PET lehen film luzea eskainiko dabe.
Ohorezko Fant
Ohorezko FANT sari bi izango dira aurten, Goya sari bat irabazi daben bilbotar biri –Pablo Bergerregaz egin zan legez–. Holan, zinemaldiaren inaugurazino ekitaldian, Alex de la Iglesiaren filmetan ohiko arpegia dan Terele Pávez antzezlearen ibilbidea aintzatetsiko da. Zuzendari bilbotarraren eskutik Taldeko Emakume Antzezle Onenaren Goya Saria irabazi eban 2014an, Las Brujas de Zugarramurdi filman egindako lanagaitik.
Horrezaz gan, Terele Pávez Bilbon egongo da Diego Lópezen eta David Pizarroren Herederos de la bestia dokumentalaren aurkezpenean. Dokumentalak, estaduko fantasiazko zinemearen lan nagusietakoa aldarrikatzen dau, El día de la Bestia, estreinau eta 20 urte igaro diranean. Dokumentala maiatzaren 6an eskainiko da, arratsaldeko 18:00etan, Azkuna Zentroko Auditorioan, eta goizean, zuzendariek eta taldeko kide batzuek komunikabideen aurrean aurkeztuko dabe. Herederos de la bestia lanaz gan, DokuFANTek, Asier Abio bilbotarrak 2016an zuzendutako Sputnik dokumentala be eskainiko dau.
Ohorezko bigarren FANT saria zinemaldiaren amaiera ekitaldian emongo jako Pedro Rivero zinemagile bilbotarrari. Orain arte Goya sari bi irabazi ditu, animazinozko Birdboy film laburragaz eta, aurten bertan, Animazinozko Film Onenaren Goya Saria, Psikonautak, ume ahaztuak lanari esker.
Ganera, Bilboko Fantasiazko Zinemaldiak – FANTek, FANTastikoaren Izarra saria emongo dau, genero fantastikoan egindako ibilbide osoa aintzatetsi nahi dauen ohorezko saria, Barbara Crampton (New York, 1958) antzezleari emongo jakona. Telebistako hainbat saiotan lan egin ondoren, Brian de Palmaren esanetara ibilñi zan Doble cuerpo lanean. Baina generoko zinemazaleen artean ezagun bilakatu eban lana, Re-animator (1985) filman Stuart Gordonen esanetara egin ebana izan zan. Bildurrezko zinemearen klasiko moderno horren ondoren, generoari oso lotuta jarraitu eban, Re-sonator (1986), Trancers 2 (1991), Robot Wars (1993) edo Space Truckers (1996) lako lanakaz.
2011n, You’re Next lanean aritu ondoren, Rob Zombie, Adam Wingard edo Ti West lako zinemagile belaunaldi barriak antzezlea berreskuratu dau, eta bildurrezko zinemearen gorengo mailara eroan dau barriro. Barbara Cramptonek zinemaldiaren amaiera ekitaldian jasoko dau FANTastikoaren Izarra saria, eta Jackson Stewartek zuzendu dauen Beyond the Gates, bere azken filma aurkeztuko dau. Horrezaz gan, FANT 23k Re-Animator mitikoa eskainiko dau maiatzaren 11n, arratsaldeko 18:00etan, Golem – Alondiga zinema-aretoetan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!