'BatZuk' mezua zabaldu dau Bilbon Korrikaren aurkezpen sozialak
2017-03-23 09:36Aurtengo edizioa hasteko zazpi egun falta diralarik, Euskal Herriko arlo guztietako ordezkariak batu dira Bilboko BBK Aretoan, XX. Korrikaren aurkezpen sozialean.
Ekitaldian 20. Korrikaren inguruko zehaztapenak emon ditue poesia, bertso, musika eta BatZuk, euskerearen lau arpegi dokumentalaren laburpenaren bitartez. Asier Amondo Korrikaren arduradunak esan dau ordua dala Euskal Herri osotik, gelditu barik, Iruñeko amaieran ezagutuko dan mezu ezkutuaren lekukoa eskutik eskura ibilten hasteko. Bestalde, lasterketa erraldoian sortzen dan alkarlanaren idea azpimarratu nahi izan dau Mertxe Mugikak, AEK-ren koordinatzaile nagusiak: Gure erronkea alkarregaz egitasmo bat abian jartea izango da, hurrengo Korrika baino lehen bidea eta helmugea idatzita egon daitezen; hori litzatekelako ekarpenik onena BatZuk indartsu eta zabal bat eregiteko!.
Oholtzara Gotzon Barandiaran olerkaria eta Irati Erkizia bertsolaria be igon dira, beste hizkuntza batean jaio eta euskerara hurreratu diran lau ikaslegaz batera: David Cascan (galego eta gaztelerea), Albae Morrell (katalana), Anna Paola Loi (italierea) eta Aziz Messaoudi (arabierea). Mintzairak biziteko modu desbardinak dagozala berretsi dabe eta berezitasun guztien artean jokamolde unibersalak be badagozala. Aurkezpen sozialari amaierea emoteko konbidadu eta parte-hartzaileek barriketera tartea izan dabe. Besteak beste, eragile eta ordezkari honeek bertaratu dira, arloka: erakundeak (Juan Maria Aburto Bilboko alkatea, Bingen Zupiria kultura sailburua eta Eusko Jaurlaritzako, Foru Aldundietako, HABEko, EHUko eta Euskaltzaindiko ordezkariak); eragile politikoak (Andoni Ortuzar EAJren lehendakaria eta EAJ, EH Bildu, Podemos eta PSE-EE alderdietako ordezkariak); herri mobimentua (Bilboko Konpartsak, Gure Esku Dago, EH 11 Kolore, Etxerat, EHIGE, BIGE); sindikatuak (ELA, LAB, ESK, EILAS, CCOO); euskalgintzea (Kontseilua, Topagunea, Euskal Herrian Euskaraz, Bai Euskarari, Ikastolak eta euskaltegietako ordezkariak) eta eragile kulturalak eta artistak (Porrotx pailazoa, Ilaski Serrano telebista-aurkezlea, Jurgi Ekiza Willis Drummond taldeko kidea, Bertsozale Elkartea, Elkar, EIDABE).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!