Eneko Fernandezek irabazi dau Nafarroako Bertsolari Txapelketako azken finalaurrekoa
2017-03-27 09:27 BertsolaritzeaFernandezegaz batera, Julio Soto, Xabier Maia, Eneko Lazkoz, Aimar Karrika, Ander Fuentes Itturri, Xabier Terreros eta Julen Zelaieta egongo dira apirilaren 8ko finalean.
Agoizeko Kultur Etxean jokatu zan zapatuan Nafarroako Bertsolari Txapelketako azken finalaurrekoa, 220 bertsozaleren aurrean. Sei bertsolarik kantau eben eta Eneko Fernandezek eskuratu eban punturik gehien. Hortaz, Iruñeko finalean egoteko txartela lortu dau lesakarrak.
Fernando Anbustegi izan zan gai-jartzailea. Ariketa puntuagarriak amaituta, 394 puntu emon eutsiezen epaileek Fernandezi. Bigarren lekuan, 384,5 puntugaz, Aimar Karrika geratu zan eta, hirugarren, Julen Zelaieta (380,5 puntu). Hiru finalaurrekoetako puntuazinoak kontuan hartuta, Karrika eta Zelaieta be finalean izango dira.
Agoitzeko beste hiru parte-hartzaileak holan geratu ziran: Oier Lakuntza laugarren (361 puntu), Joanes Illarregi bosgarren (350) eta Patxi Castillo seigarren (339).
Horrenbestez, hiru finalaurrekoetako puntuaketak kontuan hartuta, Iruñeko finalean kantauko daben zortzi bertsolariak nortzuk izango diran erabagita dago. Honeek egongo dira apirilaren 8an oholtzan: Julio Soto, Xabier Maia, Eneko Fernandez, Eneko Lazkoz, Aimar Karrika, Ander Fuentes Itturri, Xabier Terreros eta Julen Zelaieta.
Anaitasuna kiroldegian jokatuko da finala, 17:00etan. Ohiko moduan, Bertso Sarrerak webgunean salgai dagoz saio horretarako sarrerak, baita Nafarroako beste leku batzuetan be: Iruñeko Karrikirin, Elizondoko Fantxiken, Lesakako Okindegian, Leitzako Maimur liburudendan, Etxarri Aranatzeko Xapatero tabernan eta Lizarrako Katxetas tabernan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!