Euskal zinemagintzea Nantesko Zinemaldian izango da
2017-03-22 08:06 ZinemeaEtxepare Institutuak azaldu dauenez, 16 euskal film luze eta zortzi labur eskainiko dira Festival du Cinéma Espagnol jaialdiaren 27. edizinoan, martiaren 22tik apirilaren 2ra bitartean.
Eusko Jaurlaritzeak 2001ean sortu eban Fenêtre Basque atala Nantesko Zinemaldian eta gaur egun Etxepare Institutuak bultzatzen dau. Urteroko egitarauan pisu handia dauen atala da. Euskal zinemagintzako produkzinorik nabarmenenak batzen dira sail horretan. Fenêtre Basque Frantziako ikusle, aditu eta banatzaileakana heltzeko bide garrantzitsua dala dino Etxeparek.
Baina atal horretatik kanpo be, euskal zinemagintzeak lekua izango dau Nantesen. Fenêtre Basque-n 11 film luze eta zortzi labur eskainiko dira, baina lehiaketako sailetan be bederatzi euskal produkzino egongo dira.
Pedro Aguilerak 2017an errodautako Demonios tus ojos lehiatuko da sail ofizialean, film luzeen atalean, eta dokumentalen atalean, ostera, beste hiru euskal produkzino lehiatuko dira: Justin Websterren El fin de ETA, Mikel Ruedaren Nueva York, quinta planta eta Leire Apellanizen El último verano. Opera Prima atalean beste euskal film bi egongo dira: Psiconautas, los niños olvidados (Pedro Rivero eta Alberto Vázquez) eta Sipo phantasma (Koldo Almandoz).
Film laburren atalean be, sari nagusirako lehian izango dira euskal produkzinoak, Kimuak plataformeari esker. Kepa Sojoren Hileta eta Alberto Vázquezen Decorado dira aukeratuak. Film laburren atal horretan, Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren Renovable be lehian izango da.
Martiaren 22an hasiko da Nantesko jaialdia eta, lehenengo egun horretatik bertatik, euskal zinemagintzeagaz disfrutetako aukerea egongo da. Izan be, Opera antzokian egingo dan inaugurazino ekitaldian Daniel Calparsororen Cien años de perdón emongo dabe. Zinemaldiaren amaierako egunean, ostera, Donostia 2016ren barruan sortutako Kalebegiak proiektua aurkeztuko da Nantesen eta, kasu horretan be, Calparsoro konbidauko dabe.
Era berean, Gernikako bonbardaketearen 80. urteurrena gogoan hartuko dabe Nantesko Zinemaldian. Gertakari haregaz lotutako hainbat film ikusteko aukerea egongo da, Euskadiko Filmategiaren laguntzinoagaz egindako aukeraketeari esker. Batetik, 1937ko film bi eskainiko dira: Nemesio Sobrevilaren Guernika eta Miguel Pereyraren Frente de Vizcaya y 18 de julio. Bertoko eta kanpoko hainbat egileren lanak be erakutsiko ditue: Alain Resnais, Pedro Olea, Koldo Serra eta abarrenak. Bonbardaketeagaz lotutako atala biribiltzeko, mahai-inguruak eta erakusketak antolatu ditue.
Amaitzeko, zinema baltzaren atalean be, euskal zinemagile baten lana ikusiko da, Enrique Urbizu bilbotarrarena hain zuzen. La caja 507 eta No habrá paz para los malvados filmak emongo ditue. Juan Barrero, Hannot Mintegia, Mikel Rueda eta Iratxe Fresnedaren lanak be aukeratu ditue beste sail batzuetarako.
Euskal zinemagintzeak horrenbesteko lekua daukan ezkero, Nantesera joango dira erakunde publikoetako hainbat ordezkari. Joxean Muñoz Jaurlaritzako Kultura sailburuordea eta Miren Arzalluz Etxepare Institutuko zuzendaria egongo dira zinemaldi horretan, besteak beste.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!