'The Host' filma nagusi Iruñeko Punto de Vista-n

Bizkaie! 2017-03-13 08:31   Zinemea

Danetara, 1.290 filmek, 654 film luzek eta 636 film laburrek, emon dabe izena XI. Punto de Vista-n, sail ofizialaren barruan parte hartzeko.

Ezkerretik eskumara: David Arratibel, Miranda Pennell eta Eric Pauwels | Ikusi handiago | Argazki originala

Memoria personala eta kolektiboa buztartuz, Miranda Pennell zinemagile ingelesaren The Host filmak irabazi dau Iruñeko Punto de Vista jaialdiko sari nagusia. Historia kolonial bat ikertuz, eremu pertonaletik politikora bidaia zinematografiko bat marrazteko gaitasunagaitik saritu dau filma Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazinoarteko Jaialdiaren epaimahaiak. Zinemagileak erakutsitako zorroztasun formalagaitik eta artxiboko materialaren erabilereagaitik, lan sarituak zinemagintza garaikideari egiten deutson ekarpena be nabarmendu dau Alain Fleischerrek, Vivi Tellasek, Aleksandr Balagurak, Toby Leek eta Daniele Dottorinik osotutako epaimahaiak.

Zuzendari onenaren saria, barriz, Eric Pauwels zinemagile belgikarrak irabazi dau, La deuxiéme nuit lanagaitik.

Film labur onenaren saria Ismail Bahri zinemagilearen Foyer lanak jaso dau, izan be, bere minimalismoak keinu egiten deutse neurri handiko auzi geopolitikoei.

Beste alde batetik, Publikoak David Arratibel zinemagile iruindarrari emon deutso Sari Berezia, Converso lanagaitik.

Gazteen saria, barriz, Martin Kollar zuzendariaren 5 October lanak jaso dau.

Oskar Alegria zuzendari artistikoaren urteera-edizinoa izan da aurten, lau urtez lehiaketako programazinoaren eta diseinuaren buru izan ondoren. Punto de Vista Jaialdiko hurrengo zuzendari artistikoa Nafarroako Gobernuak laster deituko dauen lehiaketara aurkeztutako hautagaitzen artean erabagiko da.


XI. Punto de Vista

Danetara, 1.290 filmek, 654 film luzek eta 636 film laburrek, emon dabe izena XI. Punto de Vista-n, sail ofizialaren barruan parte hartzeko.

Aurkeztutako filmak 79 herrialdetatik datoz. Parte-hartzerik handiena produkzino-etxe espainiarrena da (206 lan); produkzino-etxe frantsesek (113 film), argentinarrek (72), belgikarrek (60), estadubatuarrek (58), alemaniarrek (57), mexikarrek (56), brasildarrek (36), kolonbiarrek (26) eta kanadarrek (22).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu