Hainbat alorretako 15 emakumeren ikuspegia dokumental baten batu dau Bilboko Udalak

Bizkaie! 2017-03-08 12:51   Zinemea

Emakumeen Nazinoarteko Egunaren harira, Bilboko emakume gazteak filma Bidebarrietako liburutegian proiektauko dabe bariku arratsaldean.

Bilboko alkatea eta zinegotziak, dokumentaleko protagonistakaz | Ikusi handiago | Argazki originala

Hainbat esparrutan nabarmendu diran emakumeei ahotsa emotea da dokumentalaren helburu nagusia. 25 eta 40 urte bitarteko 15 lagunen eretxiak batu ditue: Euren bizipenak, erronkak, Bilbon daukien bizimodua... protagonistei egindako alkarrizketa laburrak dira 40 minutuko lan honen oinarria.

Emakumeen jardunari garrantzia emon nahi deutso Bilboko Udalak dokumental honegaz. Kirolean, musikan, alkarteetan, ikerketan, feminismoan eta abar dabizan emakumeen lana agirian ixten dau.

Honeek dira alkarrizketatutako emakumeak: Katixa Agirre (idazlea), Oihane Albizuri (motorretako pilotua), Oihana Bartra (bertsolaria), Marian de Andrés (gizarte-langilea), Afaf el-Haoui (euskal eta marokoar emakumeen alkarte kultural eta sozialaren sortzailea), Idoia Fernández (nazinoarteko software enpresa bateko aditua), Liria Fernández (ikerlaria), June Fernández eta Andrea Momoitio (Pikara Magazine aldizkariko kideak), Ainhoa Garmendia (Formula Student proiektuko kidea), Rosa Jiménez (emakume ijitoen Sim Romi alkarteko burua), Fulé Kambaio (ule-apaintzailea), Adriana Laespada (artistea eta abeslaria), Natalia Pérez (musikaria) eta Alba Vidal (Youtubeko bideoen sortzailea).

Dokumental hau Bilboko emakumeak, nosotras contamos proiektuaren bigarren zatia da. Emakumeen ahotik Bilboko historia jasotea da egitasmoaren helburua. Urian egon diran aldaketa sozial, kultural, politiko eta ekonomikoak emakumeen begiradatik aztertu nahi dira, memoria lantzeko. Etorkizunerako tresna pedagogiko baliotsua izango diralakoan ekin deutso Udalak dokumentalak grabeteari.

Dokumentala ikusteko aukerea egongo da Bidebarrieta liburutegian barikuan, hilak 10, arratsaldeko 18:30ean. Sartzea doban da, baina lekuak mugatuta egongo dira eta jezarleku guztiak beteten diranean ezin izango da jente gehiago sartu.

Dokumentalaren trailerra, hemen.

2017/03/10 18:30

Bilboko Bidebarrieta liburutegian

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu