Andoaingo bertsolaritzearen inguruko liburua idatzi dau Xabier Lasak

Bizkaie! 2017-03-02 13:21   Bertsolaritzea

Gerra Zibilean hildako Joxinixio Etxeberriaren biografia eta herriko beste 53 bertsolariren aitamenak dakarz Lasaren lanak. Ganera, Errepublika sasoiko euskalgintzea aztertu dau.

'Joxinixio, pizkunde zapuztua' liburuaren azala | Ikusi handiago | Argazki originala

Hiru zatitan banatutako ia 700 orrialdeko liburua da Joxinixio, pizkunde zapuztua. Andoainen bertan aurkeztu dau asteon Xabier Lasa Bergarak. Euskal pizkundearen sasoiari, 1930eko hamarkadan, arretaz begiratu deutso Lasak eta, batez be, Joxinixio Etxeberria bertsolariaren ibilerak ikertu ditu. Andoaingo beste 53 bertsolariren aitamenak be batu ditu eta, holan, erakutsi ahal izan dau Andoainek ekarpen oparoa egin dauela bertsolaritzearen historian.

Euskal pizkundea, Joxinixio Etxeberria eta Andoaingo bertsolaritzea jorratu ahal izateko, hiru atal nagusitan banatu dau liburua Xabier Lasak. Lehenengo zatian Espainiako II. Errepublikara begira jarri da, Euskal Pizkundea esaten jakon sasoiaren une gorenera.

Lasak liburuan landu dauen tesiaren arabera, euskalgintzeak loraldia izan eban 1930eko hamarkadan eta, Andoainen bertan, euskerazko sorkuntzea ugaritu egin zan. Gerra Zibilak eta Francoren diktadureak, ostera, kolpetik ezabatu eben hori guztia.

Liburuaren bigarren zatia Joxinixio Etxeberria Merdilledi bertsolari andoaindarrari eskaini deutso oso-osorik Lasak. Izan be, goi mailako bertsolaria izan zan eta beste zeregin batzuetan be nabarmendu zan. Ekitaldi garrantzitsuetan bertsotan egiteko deitzen eutsien eta 1936ko Bertsolari Txapelketako finalean kantau eban. Ondoren, abertzaleen alde burrukatu zan Gerra Zibilean eta Bilboko Artxanda mendian hil eben, gerrako frentean, 1937an.

Etxeberriaren bizitzako gorabeherak batu ditu Xabier Lasak liburuko bigarren atal horretan. Ganera, Gerra aurreko argitalpenetan (El Día eta Argian) argitaratutako haren bertsoak topau ditu, hemeroteketan arakatuta. Liburuan irakurri leitekez horreek.

Amaitzeko, liburuaren hirugarren zatian, Andoaingo bertsogintzearen laburpena egin dau Lasak, 53 bertsolariren bidez. Danak ez dira plazan ibilitakoak, badagoz lagun artean edo etxean jardundako bertsolariak, edo bertso zaharrak kantetan zituenak. Horrezaz gan, herrian bertsolaritzea bultzatu daben eragileak be badagoz 53ko zerrendan.

Azken finean, persona horreen guztien aitamenak jasota, Xabier Lasak erakutsi dau Andoainek ekarpen oparoa egin deutsala bertsolaritzeari eta bertso zaletasuna ez dala azken urteotako kontua. Horren lekuko, 1936ko Andoaingo txapelketea: Herriko 12 bertsolarik parte hartu eben (tartean Joxinixio Etxeberriak), beste herri batzuetan baino askoz gehiagok.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu