Bilboko Itsasadarreko Kraken ikaragarria da FANT23 jaialdiko irudia

Bizkaie! 2017-03-02 12:24   Zinemea

Maiatzaren 5etik 12ra egingo da Bilbon Zinema Fantastikoaren Nazinoarteko Jaialdia. Aurtengo irudiko protagonistea Kraken itsasoko piztia mitologikoa da.

Fantasiazko eta bildurrezko zinemearen jaialdia da FANT eta izakera hori urteroko karteletan be ikusten da. Aurtengo maiatzean egingo dan edizinoko kartelak be fantasiazko eta ikarea emoteko moduko elementuak daukaz. Izan be, ozeanoetako Kraken agiri da, marinelen irudimenak sortutako animalia bildurgarria. Olagarro edo txibia handi baten itxurea dauka. Kartelean, Bilboko Itsasadarrean ur azalera urteten ikusten da Kraken, Arrupe zubitik hur.

Mitologiaren eta antxinako sineskerien arabera, Krakenek ur azpitik urteten dau eta itsasontziei eraso egiten deutse. Izaki ikaragarri hori sarritan agertu da zineman. FANTeko antolatzaile dan Bilboko Udalak azaldu dauenez, Krakenen istorio hori eta Itsasadarraren ertzeko gune modernoak batu nahi izan ditue kartelean.

Kontuak kontu, FANT zinemaldiaren 23. edizinoa maiatzaren 5etik 12ra izango da. Martiaren 15era arteko epea dago sail ofizialeko lanak aurkezteko. Ganera, antolatzaileek azaldu dabe, trailer faltsuen lehiaketan izena emoteko epea luzatu egin dabela. Babesle barri bat lortu dabenez, atal horretara lanak aurkezteko epea geroago zarratuko dabe, apirilaren 7an.

Trailer faltsuen lehiaketearen helburua, existitzen ez diran bildurrezko edo fantasiazko filmen iragarkiak egitea da. Antolatzaileek berreskuratu egin dabe sariketa berezi hori aurtengo edizinorako eta, beraz, hirugarrenez egingo dabe. 1.500 euroko lehenengo saria eta 750eko bigarrena dagoz.

Sail ofizialean parte hartu nahi daben lan guztiak jaso arte ezin izango da jakin ze film emongo diran FANT23n. Besteak beste, epaimahaiaren eta publikoaren sariak (3.000 eurokoa bakotxa) eta euskal film laburrik onenaren saria (2.000 euro) egongo dira jokoan.

Ganera, Bilboko Udalak laster iragarriko dau nori emongo deutson Fantrobia saria. Genero fantastikoan azken urteotan nabarmendu dan persona bati emoten jako urtero ohorezko sari hori.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu