'Moonlight' eta 'La La Land', protagonista Oscar sarietan
2017-02-27 09:17 ZinemeaUrteko pelikularik onenaren saria irabazi dau Barry Jenkinsen lanak. Damien Chazelleren musikalari, ostera, sei Oscar emon deutsiez.
Anekdota eta guzti amaitu da Oscar sarien galea Kaliforniako Los Angeles urian. Izan be, pelikularik onenaren irabazlea zabaltzerakoan, Warren Beaty eta Faye Dunaway aktoreek okerreko izena esan eta La La Land filmaren izena esan dabe. Damien Chazelle zuzendaria oholtzan dagoala, akatsaz konturatu eta benetako irabazlea Moonlight dala zehaztu dabe galako antolatzaileek.
Beraz, hasikerako hutsa konponduta, Moonlight da pelikularik onenaren Oscar sariduna. La La Land izan da faborito nagusia, baina Barry Jenkinsen lanak aurrea hartu deutso. Hori bai, La La Land-ek beste sei sari irabazi ditu, aurtengo edizinoko gehien. Moonlight-ek hiru Oscar irabazi ditu (pelikularik onena, taldeko aktore onena eta egokitutako gidoirik onena).
Hamalau izendapen izan ditu La La Land musikalak, eta sei Oscar irabazi ditu: Zuzendari onena (Damien Chazelle), Emakumezko aktorerik onena (Emma Stone), argazki onena, musika banda onena, abesti onena eta diseinu onena.
Moonlight eta La La Land protagonista nagusiak izan badira be, beste film batzuek be arrakastea izan dabe Oscar sarietan. Esaterako, Manchester by the sea-k gizonezko aktorerik onenaren saria eskuratu dau (Casey Affleck) eta baita gidoirik onenarena be. Taldeko aktore onenen Oscarren irabazleak Viola Davis (Fences) eta Mahershala Ali (Moonlight) izan dira.
Ingelesez ez dan filmik onenaren saria Irango The Salesman-ek irabazi dau. Asghar Farhadi zuzendaria ez da Los Angelesen izan, Donald Trump Estadu Batuetako presidenteak musulmanei herrialdean sartzeko ezarritako trabakaz ez dagoalako konforme.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!