'Igelak', 'Paris, paperezko ahotsak' eta 'Gutik zura' filmak saritu ditue Bartzelonan

Bizkaie! 2017-02-20 12:13   Zinemea

Zinemaldia.Cat jaialdiko Urrezko Txapelak irabazi ditue hiru pelikulok. Euskal zinemea Katalunian erakusten dauen zinemaldi horren 12. edizinoa izan da aurtengoa.

Igelak filmeko fotograma bat | Ikusi handiago | Argazki originala

Zezeilaren 9tik 19ra egin dabe Zinemaldia.Cat Bartzelonan eta atzo, domekea, izan zan sari-banaketea eta amaiera ekitaldia. Sail ofizialean hamar film lehiatu dira eta, horrezaz gan, film laburren proiekzinoak, solasaldiak eta jarduera osogarriak egon dira. Bartzelonako Euskal Etxea da antolatzailea.

Epaimahaian Kataluniako ikus-entzunezkoen alorreko adituak egon dira: Biel Durán, Betsy Núñez, Toni Vall, Dani de la Orden eta Anna Solanas. Girona zinema-aretoetan egindako ekitaldian emon deutsiez sariak epaimahaiak aukeratutako lanei.

Fikzinoaren atalean, Patxo Telleriak zuzendutako Igelak sariak irabazi dau Urrezko Txapela. Dokumentalaren alorrean, ostera, Estibaliz Urresolak zuzendutako Paris, paperezko ahotsak izan da saritua. Amaitzeko, euskerazko lanik onenaren saria Jon Maiaren Gutik zura filmak irabazi dau. Azkue Fundazinoa da azken sari horren babeslea.

Zinemaldia.Cat-en 12. edizinoa amaitu dan arren, Alterzinemaldia dator orain Bartzelonara, Euskal Etxeak azaldu dauenez. Bigarren urtez egingo dabe atal berezi hori. Horrenbestez, Ibilbide zinematografikoa dalakoa egin ahal izango da barikuan, hilak 24, Gràcia auzoan, Pere Vall adituaren eskutik. Hurrengo egunean, zapatuan, Gatibuk joko dau Bartzelonan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu