Thinking Football Film Festivalen 17 lan aurkeztuko ditue martian

Bizkaie! 2017-02-14 09:57   Zinemea

Athletic Club Fundazinoak eta BBK Salak antolatutako jaialdiko pelikuletan, gizarte gaiei lotutako istorioak futbolaren bidez azaltzen dira.

Beste urte batez, Thinking Football Film Festival jaialdia helduko da Bilbora, martian. Sei egunetan (hil horren 13, 14, 20, 21, 27 eta 28an), mundu guztitik ekarritako film labur zein luzeak ikusteko aukerea egongo da. Futbola da istoriook batzen dituan elementua. Futbola gizartearen kezkak erakusteko bidetzat erabilten dabe egileek.

Guztira, 17 film aukeratu ditue aurtengo jaialdirako, horreetatik 12, luzeak. Jatorrizko bersinoan emongo dira, gaztelaniazko azpitituluakaz. Kontuan hartu behar da, mundu zabaletik datozan produkzinoak hartuko dituala BBK Salak. Islandian, Txekian, Brasilen eta abar egindako lanak dira.

Saio guztiak dobakoak izango dira, edonor sartu ahal izango da leku guztiak bete arte. Proiekzino guztiak BBK Salan izango dira. Saio bakotxean film bat edo bi emongo ditue eta, ondoren, eztabaidea egingo dabe. Normalean, pelikulen zuzendariak edo protagonistak egoten dira saioetan. Aurtengo gonbidatuak nortzuk izango diran aurrerago zehaztuko dabe antolatzaileek.

Jaialdia bera martiaren 13an hasiko da, arratsaldean, baina goizean ikastetxeetako neska-mutilentzako proiekzino berezia egongo da. Igazko jaialdiko irabazlea, Sunakali film nepaldarra ikusi ahal izango dabe. 19:00etan izango da inaugurazino-ekitaldia eta, ondoren, Inside a volcano emongo dabe (Saevar Gudmunsson, 2016), Islandiatik datorren pelikulea.

Hiru astez, astelehen eta martitzenetan egongo dira proiekzinoak. Besteak beste, Inside Haiti (Benoit Do Quang), Bounce, nola irakatsi zion pilotak munduari jokatzen (Jerome Thelia), Matthews (Ryan Scott Warren) eta Celtic Soul (Michael McNamara) filmak ikusi ahal izango dira.

Publikoak ikusitako filmen balorazinoa egin ahal izango dau. Ikus-entzuleen eretxia aintzat hartuta, Publikoaren Saria emongo deutsie irabazleari.

Beste alde batetik, bigarren urtez, lehiaketea antolatu dabe Thinking Football eta Loraldia jaialdiek alkarlanean. Euskerazko ikus-entzunezko sormena bultzatzea da lehiaketearen helburua. Izan be, euskeraz egindako bideo-lanen lehiaketea izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu