ZinemaldiaCat, Kataluniako Euskal Zinema Jaialdia abian da

Bizkaie! 2017-02-09 13:03   Zinemea

Hilaren 19ra arte, hamar euskal film lehiatuko dira ZinemaldiaCat-en 12. edizinoko sail ofizialean. Jarduera osogarri ugari be egongo dira.

Euskal zinemagintzeak, euskal gaiak ez eze, beste hainbat alor lantzen dituala eta askotarikoa dala erakusteko asmoz jaio zan ZinemaldiaCat, Kataluniako Euskal Zinema Jaialdia. Helburu horregaz, dagoeneko 12. edizinora heldu da. Euskal ikus-entzunezkoak eta kulturea izango dira, beraz, protagonista Bartzelonan, hilaren 9tik 19ra. Alterzinemaldia ekimenari esker, 25ean be bisitaldi gidatua eta kontzertua egongo dira.

Kalidadearen aldeko apustua, baina prezio herrikoietan, hori da jaialdiaren oinarrietako bat. Pelikulen proiekzinoez gan, solasaldiak egongo dira Euskal Herriko zuzendari, produktore eta aktoreakaz. Patxo Telleria, Helena Taberna, Juanma Bajo Ulloa, Koldo Serra eta Iratxe Fresneda izango dira gonbidatuetako batzuk.

Sail ofizialean hamar film lehiatuko dira, gehienak estreinaldiak Katalunian. Sei dokumental eta fikzinozko lau pieza dira. Genero bakotxean Urrezko Txapela emongo da eta euskerazko film onenari be emongo jako beste sari nagusi bat, Azkue Fundazinoagaz alkarlanean. Epaimahaian Kataluniako ikus-entzunezkoen alorreko adituak egongo dira: Biel Durán, Betsy Núñez, Toni Vall, Dani de la Orden eta Anna Solanas.

Honeek dira sail ofizialeko hamar filmak: Rockanrollers; Iragan gunea Berlin; Gutik zura; Voces de papel; Pedaló; Irrintziaren oihartzunak; Acantilado; Igelak; El ataúd de cristal; eta Gernika.

Sail ofizialetik kanpo, Kimuak film laburren programako film batzuk proiektauko ditue, Euskadiko Filmategiagaz alkarlanean antolatutako saioan. Kalebegiak egitasmoko hamabi film laburrak be emongo ditue. Proiekzino guztiak, sail ofizialekoak zein besteak, Girona zinema-aretoetan izango dira.

Ganera, proposamen gehiagori lekua egiteko asmoz, Alterzinemaldia atala sortu zan igaz eta aurten barriro egingo da. Ibilbide zinematografikoa dalakoa egin ahal izango da hilaren 25ean, Gràcia auzoan, Pere Vall adituaren eskutik. Egun berean, Gatibuk joko dau Bartzelonan.

ZinemaldiaCat Bartzelonako Euskal Etxeak antolatzen dau. Euskal Herriko hainbat eragileren laguntzinoa dauka antolakuntzarako, esaterako, Azkue Fundazinoa, Etxepare Euskal Institutua eta Eusko Jaurlaritzea.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu