Joseph Losey zuzendariaren atzera begirakoa dakar Donostiako Zinemaldiak

Bizkaie! 2017-02-08 12:59   Zinemea

1960ko hamarkadatik aurrera nabarmendu zan Losey, sorgin ehizearen erruz Estadu Batuetatik alde egin eta gero. Haren ekarpena gogoratuko dau Zinemaldiak, irailean.

Donostiako Zinemaldiak 65. edizinoa beteko dau aurten eta hasi da programazinoaren nondik norakoak aurreratzen. Antolatzaileek iragarri dabenez, atzera begirako zikloetako bat Joseph Loseyren obreari eskainiko deutso. Normalean, edizino bakotxean atzera begirako bi izaten ditu Zinemaldiak, bata gai bati lotua eta bestea zinemagile klasiko baten ingurukoa, kasu honetan Loseyren ingurukoa.

Estadu Batuetan jaio zan Joseph Losey 1909an, baina bere ibilbidearen zati bat Ingalaterran egin eban. 1960an lortu eban ospea, hainbat film gogoangarriri esker: The Servant (1963), King and Country (1964), Accident (1967), The Go-between (1971) eta abar.

Aktore ezagunakaz lan egin eban: Dirk Bogarde, Richard Burton, Elizabeth Taylor, Alain Delon, Glenda Jackson, Michael Caine...

Europan bizi zala zuzendu zituan horreek filmak, izan be, 1950eko hamarkadan sortutako beste lan batzuk zirala eta, Estadu Batuetatik alde egin behar izan eban, komunistea izatea leporatu eutsielako. Sorgin-ehizearen sasoia zan ordukoa Hollywooden.

Estadu Batuetatik alde egin eta gero be, konpromisoari eutsi eutsan Loseyk eta hainbat filmetan landu zituan gai politikoak. Donostiako Zinemaldiagaz beragaz be gorabeheraren bat edo beste izan eban, Francisco Franco diktadorea bizirik egoala. Azken urteetan Italia eta Espainiako produkzinoetan lan egin eban Joseph Loseyk eta 1984an hil zan.

Figures in a landscape filmagaz, Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatu zan Losey. Hiru hamarkada baino gehiago pasauta, haren ibilbidea eta zinemagintzeari egindako ekarpena gogoan hartuko ditue 65. edizinoan. Espainiako Zinematekeagaz alkarlanean antolatutako atzera begirakoa izango da. Irailaren 22tik 30era egingo dabe Zinemaldia aurten.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu