Aste biko egitaraua izango dau Zinegoak-en 14. edizinoak
2017-02-07 12:25 ZinemeaOrain arteko aste bakarraren ordez, aste bikoa izango da LGTB zinemeari eskainitako Zinegoak jaialdia aurten. Holan, dokumentalari leku zabalagoa emongo deutsie.
Indartsu dator Zinegoak zinemaldiaren 14. edizinoa, antolatzaileek azpimarratu dabenez, Bilbon egindako aurkezpen publikoan. Orain arteko edizinoetan, aste bakarrean batzen izan dabe egitarau guztia baina, oraingoan, aste bira luzatzea erabagi dabe, zezeilaren 20tik martiaren 5era. Ganera, jaialdia hasi aurretik, 3, 2, 1... Zinegoak programea egongo da martxan eta, amaitu ostean, Euskal Herriko 32 herritara helduko dira Bilbon ikusitako film batzuk, Hedapena egitasmoari esker.
Julen Nafarrate Zinegoakeko komunikazino arduradunaren esanetan, pisuzko arrazoi bi dagoz jaialdiaren iraupena luzatzeko. Batetik, publikoak holan eskatu dauelako: Aurreko urteetan jenteak esaten eban egitarauko jarduerak pilotu egiten jakezela eta aukeratu beharrean egozala. Bestetik, dokumentalari garrantzi handiagoa emon ahal izateko luzatu dabe Zinegoak.
Fikzinoaren pare egongo da dokumentalen atala, adierazo dau Nafarratek. Sail horretarako epaimahai berezia be egongo da aurtengoan. Zinegoaken lehenengo astea dokumentalaren ingurukoa izango da, eta bigarrena fikzinoagaz lotuago egongo da. Dokumental gehienak Bilborocken proiektauko dira. Fikzinozko filmak, ostera, Golem Alhondiga zinemetan eta Bilborocken bertan.
Garbi ikusten dogu eduki nahikoak badagozala, eta publikoaren eskaria be bai, azpimarratu dau Pau Guillen Zinegoakeko zuzendariak, horregaitik luzatu dogu jaialdia, eta ez hazteko gogo hutsagaitik. LGTB gaien inguruan gero eta dokumental gehiago egiten dirala dino Guillenek eta horregaitik fikzinoaren pare egotea merezidu dauela genero horrek.
Aste biko egitarau zabalean, 101 ekitaldi programau dira. Fikzinozko 21 film luze (12 lehiaketan) eta beste 14 dokumental luze (8 lehiaketan) aurkeztuko ditue. Horrezaz gan, 60 dokumental eta fikzinozko film labur eskainiko ditue eta, jarduera osogarrien artean, arte eszenikoak, jaiak eta abar egongo dira.
Zinegoaken egongo diran pelikulen artean, sei mundu mailako estreinaldiak dira. Horreen artean dago Xabier Madariaga euskal kazetariak egindako Etxera bidean. Epeakaz egon diran arazoak dirala eta, ez dau sail ofizialean parte hartuko, baina antolatzaileek Madariagaren lana erakutsi nahi izan dabe, gaur-gaurko gai baten ingurukoa dalako, aitatasun subrogatuaren ingurukoa hain zuzen.
Madariagaren filmagaz batera, beste sei euskal produkzino egongo dira Zinegoaken. Off Zinegoak sailean ikusiko da David Aguilarren Mara Mara, adibidez. Ganerakoak, film laburren atalean sartu ditue.
Sari berezi bi emongo ditu Zinegoakek aurten. Batetik, urtero emoten dan Zinegoak Sari Berezia Joao Pedro Rodrigues zinemagile portugaldarrarentzat izango da. Bestetik, Queer Kampala jaialdiari emongo deutsie bestea. Ugandan, hau da, homosexualidadea debekatuta dagoan herrialde baten antolatu dan lehenengo LGTB zinemaldia da, hori esateak bakarrik hunkitu egiten nau, dino Pau Guillenek.
Sari berezien harira, jarduera bat baino gehiago antolatuko dira Zinegoaken. Batetik, Joao Pedro Rodriguesek master-class bat emongo deutsie ikus-entzunezko ikasleei. Bestetik, Queer Africa zikloa egingo da, zezeilaren 21etik 24ra.
Oraindino proiekzinoaren eguna eta lekua zehazteko dagozan arren, Guillenek aurreratu dau Eduardo Casanovak zuzendutako Pieles filmaren proiekzino berezi bat antolatzeko aukerea sortu jakela. Berlinale zinemaldi ospetsuan erakutsi eta gero helduko da Bilbora, aretoetako estreinaldiaren aurretik.
Pau Guillen zuzendariak dino Zinegoak jaialdiak zutabe nagusi bi dituala: Kalidadezko zinemea eta kulturea herritarrei hurreratzea; eta LGTB gaien inguruko sensibilizazinoan laguntzea. Helburu horreek gogoan, Zinegoakek zinema-aretoetan ez eze, kalean egon behar dauela uste dau Guillenek. Horregaitik antolatzen ditue horrenbeste jarduera osogarri.
Zinegoak 2017ko egitaraua, hemen.
Jaialdia hasi aurretik
Motorrak berotzen hasteko, 3, 2, 1... Zinegoak zikloa martxan egongo da zezeilaren 15etik 19ra, hainbat kultur eragilegaz alkarlanean. Hasteko, 15ean, Guggenheim Museoan Regarding Susan Sontag dokumentala proiektauko da, doban, museoaren 20. urteurrena ospatzeko TopARTE ekimenaren barruan.
Proiekzino gehiago be hartuko ditu 3, 2, 1... Zinegoak!-ek, esaterako LGTB websailena, Bilbao Web Fest jaialdiagaz alkarlanean. Pikara Magazine eta Sare Lesbianista kide dirala, ostera, kontzertua eta errezitaldi poetikoa egongo da hilaren 18an.
Zinegoak Hedapena
Aurreko urteetan legez, Bilboko jaialdian ikusiko diran film batzuk Euskal Herriko beste uri eta herri batzuetara eroango ditue ondoren, Zinegoak Hedapena zikloari esker. Aurten, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 32 herritan antolatu ditue proiekzinoak, martian. Igaz 27 izan ziran eta, beraz, aurten herri gehiagotara helduko da Hedapena.
Oneka Alvarez zikloko arduradunak azaldu dauenez, urte batzuetako hutsunearen ostean, aurten barriro helduko da Zinegoak Hedapena Nafarroara. Tuteran eta Iruñean izango dira horreek proiekzinoak. Halandabe, herririk gehien Bizkaikoak dira, 16. Donostiaren kasua be azpimarratu dau Alvarezek, hiru saio eratuko dira eta. Gure bigarren egoitzea bihurtzen hasi da Donostia, esan dabe Zinegoakeko arduradunek.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!