Inozko parte-hartze handiena 43. Nafarroako Bertsolari Txapelketan

Bizkaie! 2017-02-07 09:41   Bertsolaritzea

Tafallan hasiko da lehia, zezeilaren 18an, eta finala apirilaren 8an jokatuko da Iruñean. 35 bertsolarik emon dabe izena, Nafarroako Bertsozale Alkartearen arabera.

Txapelketan egongo diran bertsolariak, Iruñean egindako aurkezpenean (argazkia: Bertsozale Alkartea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Arabakoa eta Gipuzkoako herri artekoa hasi barriak dirala, Nafarroako Txapelketearen txandea be laster dator. Zezeilaren 18tik aurrera, 2017ko Nafarroako bertsolaririk abilena zein den erabagiko da, txapelketearen 43. edizinoan. Hautagairik ez da faltau, sekula baino jente gehiagok emon dauelako izena.

Guztira, Nafarroako Bertsozale Alkarteak 35 lagunen eskaria jaso eban aurtengo txapelketan parte hartzeko. Bertsolari gehiegi zirala eta, lehenengo aldiz izena emon daben bederatzi bertsolarik aurrekanporaketa bat jokatu eben abenduan (azkenean, zortzi egon ziran saioan). Hortik, lau sailkatu ziran txapelketako kanporaketetarako. Beraz, zezeilaren 18an hasiko dan lehian, 30 bertsolari dagoz.

Bertsolarien aldetik ez eze, ganerako eragileen partetik be parte-hartze zabala izango dau Nafarroako Txapelketeak aurten. izan be, 30 bertsolarien alboan, hamaika gai-jartzaile, zazpi epaile eta dozenaka laguntzaile egongo dira.

Hamar saio izango ditu 2017ko Nafarroako Bertsolari Txapelketeak. Lehenengoa, aitatutako aurrekanporaketea, abenduan jokatu zan. Hartara, orain bederatzi saio datoz. Final laurenak izango dira lehenengo fasea, bost saio guztira: Tafalla, Auritz, Lakuntza, Irurita eta Uharte.

Finalaurrekoetara 18 bertsolari helduko dira, final laurenetan puntuazino onena lortzen dabenak hain zuzen. Hiru finalaurrekoak Beran, Antsoainen eta Agoitzen jokatuko dira. Zortzi onenak izango dira Iruñeko Anaitasuna kiroldegiko final handian, apirilaren 8an. Finalean, herrialdeko txapela ez eze, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusirako txartelak egongo dira jokoan, bost onenentzat.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu