Bertsolaritzearen liburutegia sarean ipini dau Xenpelar Dokumentazino Zentroak
2017-01-20 12:00 BertsolaritzeaXenpelar 1991tik batzen ibili dan argitalpenen bildumea interneten be egongo da aurrerantzean. Bertsolaritzearen eta ahozkotasunaren inguruko 500 dokumentu inguru dira.
Euskal Herriko Bertsozale Alkartearen eta Mintzolaren ekimenez abiatutako Xenpelar Dokumentazino Zentroak liburutegia dauka martxan, bertsolaritzearen inguruko liburu eta aldizkariena. Bertsolaritzaz ez eze, ahozkotasunaz eta mundu zabaleko inprobisazinoez berba egiten daben aleak dagoz. Orain arte, baina, euskarri tradizionalean baino ezin izan dira ikusi, hau da, dokumentazino zentrora joan eta liburua edo aldizkaria eskatuta. Aurrerantzean, kontsultak on-line egin ahal izango dira.
Egunetik egunera hazten doan bildumea da. Dagoeneko, 548 liburu eta artikulu interneten irakurtzeko moduan dagoz eta, ganerakoak, paperezkoak, dokumentazino zentroan konsultau leitekez. Munduko kantu inprobisaduaren inguruko argitalpenak batzen be ahalegintzen da Xenpelar eta gai horren inguruan jasotako 6.600 bat aleren informazinoa dago liburutegian.
Ganera, ikerlariei laguntzeko asmoz, datu-base akademikoetan gaiaren inguruan dagozan artikulu eta liburuen erreferentzia bibliografikoak jaso dira. Gaur egun, 900 erreferentzia inguru daukiez zerrendan, baina berau aberasteko ahaleginean segiduko dabe. Era horretara, Kulturartea Mapa be osotuten joango dira.
Bertsolaritzearen liburutegiaren bersino digitala erabilgarriagoa eta erosoagoa izan daiten, hainbat erreminta ipini ditue. Batetik, emoitzak zorrozteko aukerea emoten dauen bilaketa aurreratua dago eskuragarri. Holan, emoitzak sailkatu leitekez hainbat erespideren arabera: On-line irakurtzeko moduan dagoan ala ez, egilearen nor dan, formatua... Bestetik, liburutegiko datuak modu estandarrean antolatuta dagoz, ikertzaileek normalean erabilten dituen programakaz bateragarria izan daiten.
Aurrera begira, bertsolaritzearen liburutegi hau hobetzeko asmoak daukaz Xenpelar Dokumentazino Zentroak. Esaterako, bertako liburuak maileguan hartu ahal izateko sistemea aztertzen dabiz. Udal liburutegien sareagaz bateratzeko aukerea be aitatu dabe.
Liburutegi-digitala hemen ikusi leiteke.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!