Film laburrak, egunik laburrena ospatzeko

Bizkaie! 2016-12-16 09:45   Zinemea

Egunik laburrena ekimenaren egoitzetako bat izango da Bilbo. Abenduaren 22ra arte, 78 film labur emongo dira uriko hainbat gunetan.

Abenduaren 21a da urteko egunik laburrena, neguko solstizioa, eta, gertakari horren atxakian, Egunik laburrena izeneko ekimena egiten da nazinoartean, film laburrak aldarrikatzeko eta gizarteratzeko helburuagaz. Hirugarren urtez segiduan, Bilbo izango da egoitzetako bat. Abenduaren 16tik 22ra, proiekzinoak eta bestelako jarduerak egongo dira.

Bilboko Udalak eta Platanoboligrafo ekoizpen-etxeak antolatzen dabe Egunik laburrena zikloa urian, Zinebi eta FANT jaialdien laguntzinoagaz. Guztira, 78 film eskainiko dira egunotan, batzuk nazinoarteko sariak irabazitakoak. Igazkoaren bikotxa da kopuru hori. Ganera, film batzuetako zuzendariakaz berba egiteko aukerea eskainiko da.

Kalidadezko lanak eskaintzea da Egunik laburrena ekimenaren helburua, baina ekitaldi edegia da: Erakundeek, alkarteek eta herritarrek bat egin leikie, film laburren aldeko aldarrikapena euren auzora eroanda. Bilboren kasuan, leku publiko ugaritara helduko da ekimena aurten, eta hainbat auzotan ikusi ahal izango dira pelikulak.

Ekitaldi nagusia zapatuan, hilak 17, egingo da Pabilioi 6 aretoan. Arratsaldeko 19:00etan hasi eta gauerdia pasau arte, animazinozko euskal film laburrei eskainitako saioa egongo da lehenengo eta, ondoren, fikzinozko zinemearen ganekoa. Zuzendari beterano eta gazteak batuko dira bertan eta mahai-inguruetan parte hartuko dabe. Javier Prieto, Begoña Vicario, Kote Camacho, Iván Miñambres, Norma Vila, Iker Arce, Rubén Salazar, Mikel Rueda eta César Velasco Broca zinemagileak batuko dira saioan.

Pabilioi 6ko saioan, euskal film laburren panoramikea eskaintzea izango da helburu nagusia. Pelikula batzuk oraintsu estreinautakoak dira, eta Bilbon orain arte ikusi bako batzuk be badagoz tartean. Iker Arcek zuzendutako Lituania, esaterako, erabateko estreinaldia izango da. Ekitaldia Susana Soletok eta Joseba Usabiagak aurkeztuko dabe.

Horrezaz gan, egitarauan hiru ekitaldi berezi programau dira. Alde batetik, Euskal Harriaren ABDak emongo da Santutxuko udaltegian, hilaren 19an. Bestetik, Donostia 2016ren ekimenez sortutako Kalebegiak film kolektiboa ikusteko erea egongo da, hilaren 20an, Abandoko udaltegian. Hirugarrenik, Lander Camareroren The coffee advisors lan barriaren aurrestreinaldia hartuko dau Sarean guneak, 20an.

Era berean, auzoetan film labur aukeratuen proiekzinoak egongo dira: Zorrotza, Zurbaranbarri, San Frantzisko, Castaños, Abando, Errekalde eta Santutxuko udaltegietan izango dira emonaldiak. Proposamen alternatiboena, ostera, Hika Ateneoko Cortopote izango da, abenduaren 21ean. Jolasa eta jaia buztartuko dituan ekitaldi horretan, Pajero (Aitor González Iturbe), La Sra. Jesús Mari (Aitor Arenas) eta Glutamato 2 (Iñaki Reyna) ikusi ahal izango dira, besteak beste.

Ekitaldi guztiak dobakoak dira eta sartzea libre izango da, leku guztiak bete arte.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu