Benetako gertakarietan oinarritutako nobelea idatzi dau Jose Inazio Basterretxeak

Bizkaie! 2016-11-17 13:44   Kulturea

Begoñaren itzalpean (Elkar) ez da nobela historikoa, baina pertsonaia errealetan oinarrituta dago. Gerra Zibilaren osteko falangisten ikuspuntutik idatzi dau.

1936ko gerrea faxistek irabazi eben eta, Francisco Francoren agindupean, euren aldeko gobernua jarri zan. Jose Inazio Basterretxeak nobela honetan agertzen dauenez, baina, irabazleen bandoko guztiak ez egozan horren pozik. Franco epelegia zalakoan, iraultzea egin gura izan eben Bilboko falangista batzuek eta historia ezezagun horretan arakatu dau Basterretxeak.

Gertakari ezezagun batetik abiatuta eregi dau nobelea Basterretxeak: 1942ko abuztuaren 16an, Begoñako basilikan atentadua egin eban falangista batek, general karlista baten kontra. Gertakari guztiak azaldu ahal izateko, narratzaile orojakilea erabili dau idazleak, baina pertsonaien kontaketa subjektibora be jo dau beste pasarte batzuetan.

Asmoa ez da gerrako bandoetako baten begiradatik pasautakoa kontetea, ezpada orduko pasadizo ezezagunei eta historiaren atzealdeari arretea eskaintzea. Gerra Zibila sarritan agiri da Basterretxearen nobeletan eta, oraingoan, falangisten kontraesanetan arakatzeko gogoa euki dau. Pertsonaien idea politikoak baino, hareen bizipenak kontau gura izan ditu.

Protagonistak benetako pertsonak diran arren, nobelan izena aldatuta agiri dira, liburua ez daiten bihurtu aitamen biografiko baten tankerakoa. Horrek, ganera, askatasun handiagoa emon deutso fikzinoa sartzeko eta pertsonaien ibileretan historiagaz horren zorrotz ibili behar ez izateko. Horregaitik, Begoñaren itzalpean ez da nobela historikoa, autoreak ez dau kategoria horretan sartu gura, behintzat.

Gerra osteko hari nagusiagaz batera, 1986an kokatutako beste istorio bat be tartekatu dau Jose Inazio Basterretxeak nobelan. Suitzatik datorren emakume misteriotsu bat Bilboko detektibe baten bulegoan agertu da, bere gurasoak nortzuk ziran jakin gura dauela eta. Istorio nagusia eta beste hau alkarregaz lotuta dagoz eta, kontaketeak aurrera egin ahala, biak buztartzen dira. 

Begoñaren itzalpean Jose Inazio Basterretxea galdakoztarraren bosgarren nobelea da. Aurreko lan batzuetan be jorratu izan dau Gerra Zibilaren gaia. Nobela barriko pertsonaia batzuk aurreko beste liburuetan be agertu izan dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu