Euskerazko zinemagintzearen alde egindako lanagaitik saritu dabe Moriarti produkzino-etxea

Bizkaie! 2016-11-16 09:25   Zinemea

Gipuzkoako Foru Aldundiak Abadia saria emongo deutso. Besteak beste, Loreak filma produzidu dau Moriarti etxeak.

Moriartik produzidutako 'Loreak' filmeko une bat | Ikusi handiago | Argazki originala

Abenduaren 1ean egingo dabe Abadia saria emoteko ekitaldia, Donostian. Zinemagintzan ibilbide luzea bete dauen enpresa bat, Moriarti, izango da eguneko protagonistea. Izan be, Gipuzkoako Foru Aldundiaren esanetan, euskerazko ikus-entzunezkoei egindako ekarpenagaitik autortzea merezidu dau produkzino-etxe horrek. Epaimahaiak aho batez hartu dau erabagia.

Mikel Irizar Foru Aldundiko Hizkuntza Bardintasunerako zuzendariak azaldu dauenez, Moriartik euskerazko ikus-entzunezkoei egindako ekarpena, zabala ez eze, jarraitua izan da, urte askotako lana egin dau. Loreak filmari esker, ganera, euskerazko zinemagintzeari nazinoarteko atea zabaldu deutso, Irizarrek gogoratu dauenez. Baliabide gitxigaz eta euskeraz, ikus-entzunezko lan duin eta lehiakorrak egin letiekezela erakutsi dau Moriartik, Foru Aldundiko ordezkariaren ustez.

Euskal zinemagintzan eskarmentu handia daukien hainbat lagun dira Moriarti etxeko kide. Gaur egun, Jon Garaño, Jose Mari Goenaga, Xabier Berzosa, Aitor Arregi, Asier Atxa eta Jorge Gil Munarriz dagoz lantaldean. Alkarlan horrek ekarritako emoitzen artean, 80 egunean filma aitatu behar da, 2010ekoa. Gaur egun, Aundiya filma preparetan dabilz. Film labur eta dokumentalak be badagoz Moriatik sortutakoen artean.

Baina, duda barik, Loreak da Moriartiren pelikularik ospetsuena eta ibilbide luzeena egin dauena. 2014ko Donostiako Zinemaldian proiektau zan Jon Garañoren eta Jose Mari Goeneagaren lana eta Urrezko Maskorra irabazteko hautagai izan zan lehenengo euskerazko filma bihurtu zan. Ondoren, Hollywoodeko Oscar sarietarako hautagaien artean sartu zan. Lehenik eta behin, Espainiako ordezkari izatea lortu eban ingelesez ez diran pelikulen atalean. Gero, hainbat sailkapen fase pasau behar izan zituan Loreak-ek, baina ez eban azkenengo aukeraketara heltzea lortu.

Izaskun Alvarez artista gazteak egindako artelana izango da Moriartik jasoko dauen garaikurra. Urtero, artista bat aukeratzen dau Gipuzkoako Foru Aldundiak, Abadia sarietako garaikurra egin daian. Alvarezek beren-beregi egingo dau Moriarti etxeari eskainitako obra bat.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu