Emakumeek pakearen alde egindako lana nabarmenduko dau aurten Zinexit jaialdiak

Bizkaie! 2016-11-11 13:58   Zinemea

Proiekzinoak eta bestelako agerraldi batzuk izango ditu Zinexitek, Bizikidetzarako Zinema Erakusketeak, Bilboko Azkuna Zentroan, zemendiaren 14tik 17ra.

Itziar Urtasun, Monika Hernando eta Octavio González | Ikusi handiago | Argazki originala

Eusko Jaurlaritzearen Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzeak antolatutako Zinexitek, emakumeek pakearen eraikuntzan, oinarrizko eskubideen defentsan eta balio eta kulturaren transmisioan egindako lana aintzat hartuko dau aurten, batez be gatazka egoeratan. Leku eta sasoi desbardinetan kokatutako lau filmen estreinaldia eskainiko dau. Emakumeen lana agertu eta euren ahalduntzeari bultzadea emonaz, gatazka eta errealidade sozialari emakumeek zelan egiten deutsien aurre erakusten dabe honeek filmek. Film guztiak Azkuna Zentroko Golem zinema aretoetan eskainiko dira, 19:30ean eta ondoren, ikusle guztiei zuzendutako solasaldiak izango dira, gonbidatuakaz batera. Sartzea dobakoa da edukierea bete arte, baina ezinbestekoa da gonbidapena leihatilan jasotzea.
 
Erakusketa goizeon aurkeztu dabe Azkuna Zentroko Bastida Aretoan  Monika Hernando, Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendariak; Octavio González, Zinexiteko programatzaileak; eta Itziar Urtasun Bilboko Udaleko Bardintasun eta Bizikidetza zinegotziak.
 
Monika Hernandoren esanetan, ekitaldi honetarako aukeratutako filmen bitartez garrantzia emon nahi jako bakearen eraikuntzan, giza eskubideen defentsan eta balio eta kulturaren transmisinoan emakumeek egindako lanari. Hau da, bizitzako edozein egoeratan, baina batez be aurkakoak diranetan, emakumeek daukien funtsezko lana ikusarazoten laguntzea da helburua, ganeratu dau Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendariak. Hernandok azpimarratu dauenez, Zinexit gora doa astiro-astiro eta horren adibidea da programazinoa lau udalerritara zabaldu izana, Bilboko Azkuna Zentroko egoitza nagusiaz gan: Barakaldo, Basauri, Sestao eta Gasteizera, hain zuzen.

Marzia my friend Kirsi Mattila zuzendari finlandiarraren filmaren proiekzinoagaz hasiko da Zinexiten aurtengo edizinoa. Afganistango 20 urteko neska baten amesak eta bizipenak kontetan ditu. Afganiarra izateagaitik horreek amesak gauzatzeko izango dituan trabak dira filmaren ardatza. Emakumeek euren etorkizuna erabagiteko eskubidearen aldeko burrukearen sinbolo bihurtu da Marzia, filmeko protagonistea.

Lau estreinaldi, solasaldiak eta abar egongo dira Zinexiten barruan. Azken egunean, hilaren 17an, euskal emakumeen inguruko dokumental baten estreinaldia ikusi ahal izango da. Ama nora goaz? filmak 80 urtez ezkutuan egon dan gertakari bat gogora ekarri nahi dau: 1937an euren etxeetatik alde egitera behartu zituen mila emakumeen historia da. Iban Gonzalezek zuzendu da filma.

Ohiko programazinoaz gan, jarduera osogarriak izango ditu jaialdiak. Nabarmenenetako bat, Zinexit Eskola ekimena da. Giza eskubideen gaia jorratzeko, Lehen Hezkuntzako 1. eta 4. malen arteko hainbat neska-mutilek A zer nolako heroiak animazinozko filma ikusiko dabe. Material didaktiko berezia preparau dabe Zinexit Eskolarako.

BOSA! programearen bidez, ostera, DBHko ikasleakana helduko da giza eskubideen aldeko mezua, Zinexiteko arduradunek azaldu dabenez. Mustang filmaren bidez, aniztasunaren aldeko eta bazterkeriaren kontrako mezua helarazoko deutsie gazteei.

Programazinoa, hemen.

'Marzia my friend' filmeko irudi bat

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu