Zine Kontari, euskera hutsean egindako II. zinema zikloa Bilbon
2016-11-11 12:36 ZinemeaSGAE Fundazinoaren eta Euskal Herriko Gidoilari Profesionalen Alkartearen eskutik, Zine Kontari 2016 Bilboko Campos Antzokian izango da, zemendiaren 28tik abenduaren 2ra.
Aurten be, Zine Kontari zinemaldia abian jarriko da, euskera hutsean idatzi eta egindako zinema erakustaldia, hain zuzen be, Bilboko Campos Eliseos Antzokian gauzatuko dan era honetako bigarren agerraldia. Helburua, berez, euskerazko film labur eta luzeak sustatzea da, euskeraz idatzitako istorioak euskeraz jasoteko aukerea eskaintzea. Bilboko Bertendona kalean dan gune kulturaleko Kupula Aretoak hartuko dau erakustaldia (seigarren pisuan), zemendiaren 28tik abenduaren 2ra. Pase guztiak arratsaldeko 19:00etan hasiko dira, egunero, azkena kenduta, hau da abenduaren 2koa kenduta, berau 18:00etan hasiko baita. Sarrerea libre izango da proiekzino egun guztietan, beti be, gunea bete arte.
Eusko Jaurlaritzearen laguntzinoa dauka zikloak eta euskerea maite daben guztientzat, ikasten dabizanentzat edo hobetu nahi dabenentzat be aproposa da ekimena.
Egile-zinemea Jon Maia, Fermin Muguruza, Eider Rodriguez, Alberto J. Gorritiberea, Asier Altuna eta Arantza Ibarraren eskutik:
Bost egunetan zehar izango dan zinemaldiak hainbat genero, ikusle zein formatu desbardin beregan hartu nahi ditu. Ondoko filmak ikusteko aukerea egongo da Zine Kontari 2016 zikloan:
- Zemendiaren 28an, astelehenean: Gazta zati bat (2001, 99 m.). Euskal gatazkearem ganean Jon Maiak egin dauen dokumentala da, hurreko giza ikuspegia oinarri hartuta eta historia zein kontaera periodistikoek azaldu daben horretatik harago. Xabier Solano eta Zigor Lanpreren musikeagaz eta Juantxo Sardonen argazkiagaz.
- Zemendiaren 29an, martitzenean: Zuloak (2012, 99 m.). Eider Rodriguez eta Fermin Muguruza dira zuzendariak. Azken horreen zuzendaritzapean, Zuloak emakumezko boskote musikalaren ibilbidea aztertzen dau (Arrate Rodríguez, Naiara Goikoetxea, Ainhoa Unzueta, Tania de Sousa eta Izaskun Muruaga). Emakumezko talde batek egiten dauen ekarpen artistiko parebakoa, genero ikuspegian oinarrituta.
- Zemendiaren 30ean, eguaztenean: Arriya (2011, 101 m.). Euskal Herriko mugan dan herri batean bizi diran hiru gazteren istorioa da honakoa, amaierarik bako dolu baten istorioa, hain zuzen be. Alberto J. Gorritibereak idatzi eta koordinau dauen lana da, Iban Garate, Begoña Maestra eta Sara Casanovas protagonista dituala.
- Abenduaren 1ean, eguenean: Amama (2015, 103 m.). Familia baten belaunaldien arteko gatazkearen istorioa dago oinarrian, iragana eta etorkizunaren arteko gorabeherak, Asier Altunaren zuzendaritza eta gidoiagaz. Nagore Aranburu, Kandido Uranga, Iraia Elias, Amaparo Badiola, Klara Badiola, Ander Lipus eta Manu Uranga dira protagonistak.
- Abenduaren 2an, barikuan: Zigortzaileak (2015, 87 m.). Publiko guztientzat, eskolakideen mehatxu eta irainei zelan erantzun behar jaken aintzat hartzen dauen istorioa da honakoa, hasiera batean neska-mutikoei zuzenduta baina baita guraso eta helduei be, izan be, bullyingaren tematikea dago atzean. Arantza Ibarraren gidoiagaz, berak egin ditu zuzendaritza lanak be, kasu honetan, Alfonso Arandiagaz batera. Anne Igartiburu, Carlos Sobera, Loli Astoreka edo eta Rafael Amargo jantzaria ditu, besteak beste, protagonista.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!