Emakumeak protagonista Lekeitioko 39. Euskal Zine Bileran

Bizkaie! 2016-10-26 13:32   Zinemea

40. edizioari begira, sail barriak eta dirulaguntzino gehiago lortu nahi dira. Edu Barinaga, ETBko zuzendariak adierazi duenez, Euskal Zine Bilereagaz alkarlanean hasiak dira hurrengo urterako.

Aurtengo 39. Euskal Zine Bilerea aldarrikatzailea izan da duda barik. Emakumeei zinemagintzan merezidu eta behar daben protagonismooa bultzatzea izan dau helburu eta horretarako ekimen desbardinak egin dira; alde batetik, Kontxu Odriozolaren omenaldia, bere lankide eta lagun diran hainbat arpegi ezagun batu zituan ekitaldia. Bestetik, (H)emen-(H)ere plataformeak antolatu eban berbaldia, emakumeek ikusentzunezkoetan daben lekua aztertzeko egin zana. Eta azkenik, urtero Lekeitioko Udaleko Bardintasun batzordeak emoten dauen Antzar Morea saria, genero ikuspegia ondoen isladatzen dauen lanak eroaten dauena; aurten Beti bezperako koplak, Begoña Vicarioren filmak irabazi dau.

Edizino honetan, 50 lanetik gora jaso dira eta horreetatik guztietatik 32 film izan dira onartuak lehiaketan parte hartzeko; 11 lan profesional eta 21 lan amateur. Azken horreen artean 5 lanek Gazte 22 sailean parte hartu dabe. Danetara, 14.600 euro banatu dira euskal film laburrik onenak saritzeko. Hasibarriei bidea egiten laguntzea da Euskal Zine Bilerearen helburua eta profesionalen sektorerako ezinbestekoa bihurtzea.

Bilereak iraun dauen 8 egunetan zehar 1200 ikusle izan dira Ikusgarri aretoan euskal zinemaz gozetan. Ekitaldi paraleloak be izan dira aurten, besteak beste, Donostia 2016 egitasmoagaz bat eginda Mugaminak dokumentalaren proiekzinoagaz hasteko aukerea izan eban jaialdiak.

Euskal Zine Bilerearen 39. edizinoak, 52.240 euroko aurrekontua izan dau, joan zan urtean baino 8.000 euro gitxiago. Oinarrizko euskal ekimen kultural bat izanik, lekeitioko Udalak eta Euskal Zine Bilera alkarteak be eskerrak emon nahi deutseez zinemearen jaialdi honetan parte hartu daben persona, langile, artista eta erakunde guztiei. Halan da be, finantziazino iturri barriak lortzea eta orain arte izandakoak finkatzea dabe helburu. Ganera, aurten Euskal Telebistagaz alkarlanaren lehenengo pausuak emon dira eta Edu Barinaga, ETBko zuzendariak esandakoaren arabera, datorren urteari begira, pausu horreek indartu eta estutu nahi ditue.

Hurrengo edizinoan, jaialdiaren 40. urteurrena izanik, egitasmo bereziak eta sail barritzaileak sortu nahi dira eta dagoneneko lantaldea martxan da ahalik eta jaialdirik ikusgarri eta onena sortzeko asmoz. Izan be, 40. urteurrena, ospatzeaz gan, Zine Bilerea euskal ikusentzunezkoen munduan eragile izatea lortu nahi dabe, euskal formakuntzea eta produkzinoa bultzatu eta ondare bihur daitekezan proiektuak sustatuz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu