Pantxoa Carrerek 'Anaitasunean' diskoa plazaratu dau, bakarkako lehenengoa
2016-10-21 13:03 MusikeaLau hamarkada baino gehiagoko ibilbidea egin dau Pantxoa Carrerek kantagintzan. Pantxoa eta Peio bikoteagaitik da ezagun, baina oraingoan bakarka atera dau Anaitasunean.
Herriak, herritarrak eta kantua, horreek hiru kontzeptuak landu ditu Pantxoa Carrerek bere ibilbidean, Baionan egindako aurkezpenean azaldu dauenez. Disko barria be triangelu sinergiko deitu dauen horren inguruan eregi dau. Kantua eta sentipenak alkarregaz lotzea izan da Carrere azkaindarraren helburua.
Guztira, hamabi abesti dagoz Anaitasunean diskoan. Hainbat poetaren berbak musikatu ditu Pantxoa Carrerek: Manex Pagola, Daniel Landart, Manex Erdozaintzi Etxart, Leon St. Esteben, Xalbador eta Etxahun Iruri. Carrerek berak idatzitako berbak be badagoz. Batzuk aspaldiko testuak diran arren, kantariak uste dau gaurkotasuna daukiela lantzen diran gaiek. Esaterako, askatasun gosea, maitasunaren beharra, hizkuntzearen eta kulturearen aldeko konpromisoa eta Euskal Herriaren geroa aitatzen ditu.
Pantxoa eta Peio bikotean hasitako bidean sakonduta, Ipar Euskal Herriko kantu melodikoaren ordezkari izaten segitzen dau Pantxoa Carrerek disko honetan. Ahots leuna, melodia gozoak eta sentimenduak dira ezaugarri nagusia. Iñaki Dieguezen moldaketak daukaz diskoak. Elkar diskoetxea arduratu da argitalpenaz.
Gaur egungo mundua zoratuta dagoala adierazo dau Carrerek Baionako aurkezpenean eta anaitasuna falta dala uste dau. Horregaitik, Euskal Herriari anaitasuna opa deutsala dino. Hori da diskoaren izenburuaren arrazoia. Ganera, Anaitasunean izeneko kanta bat sartu dau, Carrerek berak idatzia.
45 urte inguruko bidea egin eban Pantxoa eta Peio bikoteak, eta Euskal Herriko txoko guztietan arrakasta nabarmena lortu. Anaitasunean bere ibilbidean beste hasikera bat izango dala dino Pantxoa Carrerek, oraingoan bakarka. Han-hemenka kontzertuak emoteko asmoa dauka. Disko barria aurkezteko emonaldia zemendiaren 20an izango da, Donostiako Antzoki Zaharrean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!